Noticias

Confebask-ek Bilboko Balioen Gutuna sinatu du gizarte hobe bat lortzeko

16-12-2024
Confebaskeko Formakuntza, Talentu eta Enplegu zuzendariak, Asier Aloriak, gaur sinatu du Bilboko Balioen Gutunari atxikitzeko akta. Bilboko Udalak sustatutako proiektu honek, Iberdrola eta Iberdrola Dorrea bultzatzaile nagusi direla, sinatzaileen konpromisoa adierazten du Bilboko balioekin eta gizarte hobe bati laguntzearekin. Sinatzaile diren enpresek, Bizkaiko hiriburuko erreferente gisa, aipatutako Gutunean jasotako balioak sustatu eta indartzeko konpromisoa hartu dute. Balioen artean hauek nabarmentzen dira: Giza Eskubideen errespetua, justizia soziala, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, elkartasuna, ingurumenaren iraunkortasuna, elkarbizitza, identitatea eta ahalegina.

“Europa zure eskura, aukera aprobetxatu”

11-12-2024
Confebask-ek gaur bertan kanpaina berri bat abiatu du, Euskadiko Lanbide Heziketako ikasleek Erasmus+ Europako Programan parte har dezaten bultzatzeko. Programa horrek Europako enpresetan praktikak egiteko beka-sistema eskaintzen du, eta Confebask-ek 30 urte baino gehiago daramatza kudeatzen. Kudeaketa horri esker, Confebask-ek 2.500 ikasle baino gehiagori Europako enpresetan praktikak egiteko aukera eman die, eta horrela Euskadi erreferentzia bilakatu du Europan, baita ikasleen mugikortasunari dagokionez ere. Kanpaina berri honekin, Confebask-ek FPko ikasleak nazioarteko esperientzia eskuratzera animatu nahi ditu, euren profil profesionala sendotzeko.

Euskadin enpresa kopuruan hazkunderik handiena izan da azaro baterako 2019tik

10-12-2024
Confebasken azken newsletterrean deskribatzen denez, Gizarte Segurantzan inskribatutako EAEko enpresen kopurua 57.896 izan da azaroan, urrian baino 326 gehiago, hil honetarako ohikoa den zifraren gainetik. Nolanahi ere, urteko konparazioan, apenas dagoen aldaketarik. Hala, 2023ko azaroarekin alderatuta, 13 enpresa gutxiago daude, -%0,02. Halaber, 2020ko otsailean Euskadin erregistratuta zeuden enpresekin alderatuta (pandemia hasi zenean), oraindik 997 enpresa gutxiago daude orduan baino (-%1,7), eta pandemian galdutakoen erdia baino pixka bat gehiago besterik ez da berreskuratu (%53).

“Konpainiaren dimentsioa garrantzitsua da munduan lidergo kuotari eusteko, baina ez dugu ahaztu behar teknologiaren eta berrikuntzaren aldeko apustua”

02-12-2024
“Konpainiaren dimentsioa faktore garrantzitsua da munduan lidergo kuotari eusteko, baina ez dugu ahaztu behar teknologiaren eta berrikuntzaren aldeko apustua, merkatura nabarmen orientatuta”. Aitor Alapont P4Qko kosortzaile eta CEOak Confebaski enpresa dimentsioari buruzko newsletterrerako egindako adierazpenen parte dira; talde teknologikoak Alonsotegin (Bizkaia) du egoitza, liderra da IoT soluzioetan eguzki jarraipeneko sistemetan, diagnostiko medikoko gailuetan eta abarretan, eta, gainera, elektronika aurreratuko zerbitzuak ematen dizkie beste sektore batzuei, hala nola tren sektoreari, automobilgintzari edo industriari. Aitor Alapontek nabarmendu duenez, “dimentsioa irabaztea ez da erraza, baina dimentsioa irabazteko ahalegina egiten da, eta ez dut uste inor horren kontra dagoenik... Beste kontu bat da gauzatzea eta egiteko modu egokia aukeratzea, epe luzera proiektuaren jasangarritasuna ziurtatzeko”.

“Euskal enpresak LH duala are gehiago erabiltzera animatu nahi ditut, talentu gaztea gehitzeko bide gisa”

25-11-2024
Confebaskeko lehendakari Tamara Yague, gaur goizean egin den euskal Enpresa&LHko urteroko ekitaldian, Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosari zuzendu zaio, hau adierazteko: “Confebasken aliatu estrategiko bat duzu, gure gazteen heziketa, oro har, eta gure lanbide heziketa, bereziki, hobetzen jarraitzeko. Eta are gehiago orain, LHaren Lege Organiko berria Euskadin lurreratzen laguntzeko, eraldaketa oso sakoneko esparrua marrazten baitu. Gaur, enpresen, erakundeen eta hezkuntza sistema osoaren inplikazioari esker, estatuan zein Europar Batasunean bertan erreferente den eredu bat finkatu dugu. Proiektu partekatuaren, lankidetzaren eta konfiantzaren etsenplu gara. Puntu honetan, enpresei mezu argia helarazi nahi nieke: anima zaitezte lanbide heziketa dualeko euskal eredua are gehiago erabiltzera. Gure lehiakortasuna hobetzeko bide bikaina da, baita talentu gaztea arrakastaz txertatzeko ere”.