Noticias

Confebask, Adegi eta Sea, ‘Languages lanean’ nazioarteko kongresuan, enpresetan hizkuntza kudeaketaren erronkei buruz

19-01-2024
Confebask, Adegi eta Sea-Arabako Enpresak – azken hori laguntzaile gisa ere – ‘Languages lanean’ lehen Nazioarteko Kongresuaren inaugurazioan izan dira, Eusko Jaurlaritzak antolatuta, enpresen hizkuntza kudeaketaren erronka aztertzeko asmoz, enpresek beren jarduera gaur egungo mundu hain globalizatuan garatzen dutela kontuan hartuta. Euskadiko zein Europako adituek eta txostengileek testigantza eman dute enpresa berean hizkuntza anitzen erabilera nola kudeatu beharko litzatekeen azaltzeko, lehiakortasuna eta tokiko bezeroarekiko hurbiltasuna hobetzeko.

Euskadiko enpresen kopurua 91 gehiagorekin hazi da 2023an, eta, hala, aurreko urteko beheranzko joera hautsi da

12-01-2024
Confebasken azken newsletterrean kontsultatu daitekeenez (ikusi hemen), Gizarte Segurantzan inskribatutako euskal enpresen kopurua 57.911 zen abenduan. Azaroan baino 2 gehiago baino ez dira, baina 2023. urte osoan ia ehun gehiago zeuden erregistratuta (91), eta igoera horrek aurreko urteko beheranzko joera hausten du. Hori bai, 2020ko otsailarekin alderatuta (pandemia hasi zenean), oraindik 982 enpresa gutxiago daude orduan baino (-%1,7), eta pandemian galdutakoen erdia baino pixka bat gehiago ez da berreskuratu (%53). Euskadin autonomoekin gertatutakoari dagokionez, 2023an izan du bilakaerarik okerrena 2012tik. Horien kopurua 1.844 pertsonatan murriztu da, eta autonomoen guztizkoa 167.151ean geratu da, urte arteko -%1,1eko jaitsierarekin; horrenbestez, bi urtez jarraian beherakadak izan dira.

Confebaskek 2024rako aurreikusi du Euskadin BPGak %1,6ko igoera izango duela, 2023koaren antzera, eta lehen hilabeteetan hazkundea oso laua izango dela

22-12-2023
Confebaskek %1,6 inguruko hazkundea aurreikusten du euskal ekonomian 2024rako, baina aurreikuspena arrisku ugariren menpe dago, eta horien bilakaerak markatuko du azkenean hazkundea, %1,1 eta %2,1 arteko urkila batean. Aurreikuspenen arabera, euskal ekonomiaren hazkundeak oso laua izaten jarraituko du 2024ko lehen hilabeteetan, eta pixkanaka dinamismo handiago bati emango dio bidea, urteak aurrera egin ahala. Sektoreka, 2024an, Eraikuntza eta Zerbitzuak amaitzear dagoen urte honen antzera mantenduko dira, eta Industriak erakutsiko du hazkunderik ahulena, baina 2023an baino portaera hobea izango du, Europako ekonomia eta merkatu globala pixkanaka dinamizatuko baita. Enpleguari dagokionez, Confebaskek 2024rako aurreikusten du sortuko den enpleguarekin Gizarte Segurantzan 13.000 afiliatu berri egongo direla, eta, beraz, bigarren urtez jarraian, milioi bat kotizatzaile baino gehiagoren langari eutsiko litzaioke. Nolanahi ere, sortutako enplegu kopurua aurtengoa baino pixka bat txikiagoa da.

Euskadik 132 enpresa irabazi ditu azaroan, hilabete honetarako daturik onena 2019az geroztik

12-12-2023
Confebaskek Gizarte Segurantzan erregistratutako enpresa kopuruaren bilakaerari buruz egindako azken newsletterrean irakur daitekeenez, Euskadik 132 konpainiaren hazkundea izan zuen azaroan aurreko hilabetearen aldean, eta hori hilabete honetarako daturik onena da duela lau urtetik hona (2019). Horrenbestez, azaroan Euskadin Gizarte Segurantzan erregistratutako enpresen kopurua ia 58.000ra igo da (57.909). Hazkundea mantendu egin da urte arteko datuetan ere. Iazko azaroan zeudenekin alderatuta, 138 enpresa gehiago daude orain (+%0,2). Sektoreka, azaroan sektore guztietan hazi zen enpresa kopurua. Oraindik berreskuratu ezinik dabilena pandemiaren aurreko zifra da, dagoeneko ia lau urte igaro diren arren.

Eusko Jaurlaritzak, Confebaskekin lankidetzan, eskualdeetako esepe-etarako 1.047 m €-ko dirulaguntzen zuzeneko kudeaketa eskatzen du

11-12-2023
Ekonomia eta Ogasun Sailak, Confebaskekin eta haren hiru lurralde-erakundeekin (Cebek, SEA eta Adegirekin) lankidetzan, beste urrats bat eman du Euskadi Next programan, ESKUALDEETAKO ESEPE-etarako euskal proposamena diseinatu baitu. Proposamen horretan jasotzen da euskal proiektu estrategikoak garatzeko oraindik egikaritu ez diren SEM dirulaguntzen 1.047 M €-ren zuzeneko kudeaketarako eskaera. SEMa egikaritzeko epea 2026an amaitzen da eta, epe horren erdia igaro denez, gobernantza-formula aldatzen ez bada, ez egikaritzeko arrisku larria dago. Tamara Yague Confebaskeko lehendakariaren hitzetan, "ezin dugu onartu ‘euro’ bakar bat galtzea autonomia-erkidegoen parte-hartze aktiboagoarekin konpon litekeen zerbaitengatik, aipatutako laguntzen esleipenean, kudeaketan eta banaketan parte hartzeari dagokionez”.