“Akordiorako unea da, ez etengabeko konfrontaziorako”

  • Confebaskek bere ohiko Kontseilu Nagusia egin du, eta, oraingoan, berretsi da Isabel Bustok orain arte presidente izan den Eduardo Zubiaurreren lekua hartu duela.

 

  • Confebaskek dei egin die sindikatuei “denok itsasontzi berean gaudela ulertu dezaten. Akordiorako unea da, ez etengabeko konfrontaziorako”.

 

  • Lehentasunezkoa da prezioek gora egiteari utz diezaioten saiatzea. Funtsezkoa da errenta itun orekatuetara iristea, sakrifizioaren zamarik handiena alderdi bakar batek hartzea saihesteko.

 

  • Urte honetarako %3,5 eta %4 arteko hazkundea aurreikusten da, betiere Errusiak Europari gasa mozten ez badio eta inflazioak errekorrak hausten jarraitzen ez badu.

 

  • Enpresek, agertoki ekonomikoaren aldaketa drastikoarekin eta marjinen eta errentagarritasunaren murrizketarekin kezkatuta, gehienbat enplegua zaindu nahi dutela adierazi dute. 

 

  • Digitalizazioa, energia trantsizioa, demografia-kualifikazioa eta enpresa kultura garai berrietara egokitzea dira euskal enpresaren erronka garrantzitsuenetako batzuk.

 

  • Etorkizunean konfiantza, lidergoa eta erantzukizun partekatua, egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko mezu nagusiak.
Confebask

Isabel Busto, irudiaren erdian, Adegiko, Cebekeko eta Seako presidenteekin batera, eta Confebaskeko Eduardo Aretxaga zuzendari nagusiarekin. (Argazkia, Manu de Alba, Confebaskerentzat).

2022-07-20

Gaur goizean, Confebask Euskal Enpresarien Konfederazioak ohikoa duen udako Kontseilu Nagusia egin du, eta, bertan, baieztatu da Isabel Bustok orain arte presidentea izan den Eduardo Zubiaurreren lekua hartu duela datorren udararte, Adegik izendatutako Confebaskeko presidenteordea baita.

Isabel Busto Pozuelo ingeniari informatikoa da UPV/EHUtik. Gainera, MBA Executive da Deustuko Unibertsitatetik, eta Enpresa Lehiakortasunean eta Garapen Ekonomikoan doktorea, unibertsitate beretik. Irakasle eta profesional gisa ibilbide luzea du, eta, gaur egun, ‘Zuchetti Spain’ako zuzendariorde nagusia da.

Isabel Bustok, Kontseilu Nagusian eman duen hitzaldian, hitz batzuk eskaini dizkio orain arte Confebaskeko presidente izan den Eduardo Zubiaurreri, hau esanez: “Nik pertsonalki diodan maitasuna helarazi nahi diot orain arte Confebaskeko presidente izan den Eduardo Zubiaurreri, eta gure hurbiltasuna eta esker ona erakutsi ere bere dedikazioagatik, Confebasken buru gisa egindako ahaleginagatik eta bere balio profesional eta pertsonalengatik, horiek denek egiten dute-eta bera doan leku guztietan maitatua eta errespetatua izatea.

 

Koiuntura

Gainerakoan, Isabel Bustok gogorarazi du “Ukrainako inbasioaren ondoren, krisi geopolitikoak, energetikoak eta berebiziko inflazio batek, muturreko ziurgabetasun giroan murgiltzen gaituztela”. Euskadin, gure enpresa erakundeek – Adegi, Cebek y Sea – beren enpresa bazkideei egiten dizkieten inkestek adierazten dute enpresak oraindik eusten ari direla, baina marjinetan eta errentagarritasunean ere gertatzen ari diren murrizketa azkarrek enpresen epe labur eta ertaineko bideragarritasuna arriskuan jartzen dute. Gainera, enfrentamendua eta gatazka erabiltzea, ditugun zailtasun handiak gorabehera, kezkarako beste faktore bat gehiago da.

Hala ere, eta zailtasun horiek guztiak gorabehera, Confebaskeko presidenteak azpimarratu nahi izan du “euskal enpresek adierazi digutela gehienek enplegua zaindu nahi dutela. Pandemian jada erakutsi zen asmo hori oro har, eta euskal enpresak bera parte den gizartearekin duen konpromisoaren erakusgarria da. Kotizatzaileen errekor historikoa gainditu dugu Euskadin. Guztion artean errekor horri eusteko asmoa izan beharko genuke”.

Aurreikuspenei dagokienez, Isabel Bustok jakinarazi du “oraindik uste dugula Euskadik aurten hazkunde ekonomikoa erregistratu ahal izango duela, hasieran aurreikusitakoa baino txikiagoa izango den arren. Adierazlerik eguneratuenekin eta urtearen bigarren zatirako aurreikusitakoekin, BPGa %3,5etik %4ra bitartean mugitzea aurreikusten dugu. Hori bai, betiere neguan Errusiak Europari gas hornidura eteten ez badio eta inflazioak errekorrak hausten jarraitzen ez badu”.

 

Erronkak eta beharrak

Egoera ekonomiko berri horrek guztioi egoeraren mailan egotea eskatzen digula” egiaztatu ondoren, Confebaskeko presidenteak ahalegin pertsonal eta kolektiboa egitea planteatzen die enpresei, langileei eta administrazioei, aurrera egiteko.

Gainera, – jarraitzen du esaten – “lankidetza publiko- pribatua indartu behar dugu, eta ez diegu uko egin behar inbertsio estrategikoei, etorkizuneko bermea baitira, eta  errenta itun orekatuari ere ez diogu ezetz esango, kargaren zatirik handiena alderdi bakar batek bere gain hartzea saihesteko”.

 

Akordiorako unea da

“Zentzu horretan, erantzukizunez aritzeko eskaera egiten diegu sindikatuei, eta elkarlanean aritzeko, uler dezaten denak ontzi berean gaudela eta elkarrekin egin behar dugula arraun.  Akordiorako unea da. Konfrontazioa ez da bidea”.

Egungoak bezain egoera zailetan ere aurrera egiten duten lurraldeak eta gizarteak dira akordio eta konponbide kolektibo eta partekatuetara iristeko elkarrizketa erabiltzen dutenak, guztion ongiaren bila eta konfrontazioa eta gatazka alde batera utzita, alderdietako baten baldintzak inposatzeko metodo diren heinean. 

“Gaur egun, hainbat enpresa eta sektoretan planteatutako aldarrikapen sindikal batzuek kinka larrian jar dezakete gure ekonomian eta, ondorioz, gure gizarte eta herri aurrerapenean ere pisu handia duten jardueren etorkizuna. Guztiok erantzukizunez jokatzeko unea da”.

 

Erronkak eta desafioak

Confebaskeko presidenteak gogorarazi du enpresek epe labur eta ertainean bere gain hartu beharreko zereginen artean daudela digitalizazioa, garapen ekonomiko eta sozial iraunkorrerako energia trantsizioari heldu beharra eta Euskadiko demografiarekin eta kualifikazioarekin lotutakoa.

“Eusko Jaurlaritzari adierazi diogu epe ertainerako aurreikuspen demografikoekin dugun kezka, eta positiboki baloratzen ditugu Euskadin jaiotza tasa handitzeko onartutako neurriak, zalantzarik gabe eragin onuragarriak izango baitituzte euskal biztanleria gaztetzeko.

Hala ere, - jarraitu du esaten Isabel Bustok-, datozen urteetako ekonomiaren eta lan merkatuaren ikuspegitik, uste dugu beharrezkoa dela neurriok estrategia argi, adostu eta tinko batekin osatzea, datozen urte eta hamarkadetan lan egiteko adinean egongo den biztanleriaren jaitsiera estali ahal izateko”.

Era berean, beste erronka bat da enpresa kultura berria finkatzea, proiektu partekatu gisa ulertuta. Konfiantzan eta proiektu partekatuan oinarritutako kultura bat finkatu ondoren, askoz errazagoa da iraunkortasun ekologikoaren, eraldaketa digitalaren, erronka demografikoaren edo krisi guztien erronkei aurre egitea. Hori dela eta, euskal Enpresa Erakundeak konprometituta gaude enpresa kultura eraldatu eta garai berrietara aldatzeko. Horregatik, ekimen estrategikoak garatzen ditugu, hala nola Adegiren 'Fabrika', Cebeken ‘ekinBarri’ edo Searen RLL 4.0ak, konpainien kulturaren egokitzapen hori modu koordinatuan eta ebolutiboan sustatzen laguntzeko.

 

Konfiantza, lidergoa eta erantzukizuna

Azkenik, Confebaskeko presidenteak bi mezu emanez amaitu nahi izan du bere hitzaldia: bata, etorkizunean konfiantza izatea, aurrera egiteko. Eta bestea, lidergoari eta erantzukizunari buruzkoa, Euskadi beti izan baita lehena eta beti erantzukizunez aritu baita “laguntza ematen eta Herrialdeak etorkizunean oparotasun ekonomiko eta sozialeko izatearen aldeko konpromisoa hartzean. Confebasken leloan islatzen den bezala: Euskal enpresa gara, konpromisoa gara. Orain, berriz dagokigu. Eta badakigu aurrera egingo dugula, horretaz konbentzituta gaude-eta.