Euskal enpresaren batez besteko tamainak behera egin du pandemiaren eraginez, eta azken urteotako goranzko joera hautsi da

  • Confebasken txostena, ‘Enpresa dimentsioa’-ri buruz, eskura dauden azken datuekin.
Confebask

2022-06-01

Confebaskek Euskadiko ‘Enpresa dimentsioa’-ren gaineko bere newsletterraren beste zenbaki bat argitaratu du (ikusi hemen). Eta, nabarmentzen denez, pandemiak euskal enpresaren aurrerabidea geldiarazi du, dimentsioari dagokionez. Euskal enpresen batez besteko tamaina 2021aren hasieran 5,96 enplegatukoa zen enpresa bakoitzeko, 2020ko hasieran baino 0,03 gutxiago, eta, horrela, 2015ean hasitako goranzko joera hautsi zen. Gainera, jaitsiera horrek eragin handiagoa izan du enpresa handietan. Hala, 2021aren hasieran ─ eta aurreko urtearekin alderatuta ─, enpresa handien kopuruak %2 egin zuen behera, eta gainerako tamainetan jaitsiera %0,9/%1 izan zen.

Nolanahi ere, eta azken adierazle hori gorabehera, kontuan hartu behar da, fokua zabalduz eta 2008tik gertatutakoa erreferentziatzat hartuz, euskal enpresaren batez besteko tamaina %16,6 igo dela, 5,11 langiletik 5,96 langilera.

Enpresen tamainaren araberako egungo banaketari dagokionez, Euskadiko ekoizpen sare osoan, Confebasken azken txostenak nabarmentzen du enpresa ertain eta handiek beren pisua handitu dutela azken hamabi urteetan, bai enpresa kopuruan (2008an %1,10 izatetik 2021ean %1,31 izatera igaro dira), bai, batez ere, enplegatzen duten pertsonen ehunekoan (2008an %44,98, eta 2021ean %50,89).

Halaber, Confebasken newsletterrak gogorarazten du gobernu zentralak Enpresen sorrera eta hazkunderako Lege aurreproiektua (ikusi hemen) onartu duela, parlamentuan izapidetzeko fasean dagoena. Legearen xedea da enpresa bat sortzeak dakarren kostu ekonomikoa eta burokratikoa murriztu eta arintzea, merkataritza eragiketen berankortasunaren aurka borrokatzea eta enpresen finantzaketa alternatiboa bultzatzea.