Confebaskek berretsi egin ditu Industria 4.0, enplegu, berdintasun eta prestakuntza arloko akordioak Elkarrizketa Sozialaren Mahaian

  • ESMn lortutako akordioak Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan duen ekitaldi instituzional batean sinatu dira, eta Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak ere parte hartu du.
Logo conjunto

2021-09-14

Euskadiko Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak beste urrats bat egin du ekonomiaren eta gizartearen arloan adostasun garrantzitsuak lortzeko bidean. Confebaskek ESMko lantaldeek aurrez lortutako akordioak berretsi ditu gaur goizean, lau alderdiren inguruan: 4.0 Industriarako trantsizio justua, enplegu nitxo berriak,  Kualifikazio eta Espezializazio Profesionalen euskal esparruaren garapena eta genero berdintasuna.

Halaber, Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren osoko bilkurak aldi baterako lan erregulazioko egoeran dauden langileen osagarrien hirugarren luzapena ere sinatu du. Akordioa joan den ekainean lortu zen eragile sozial guztien artean.

Akordio horiek guztiak gaur goizean berretsi dira, modu bateratuan, ekitaldi instituzional batean, eta bertan izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Idoia Mendia lehendakariordea, Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidentea eta Euskadiko CCOOko eta UGTko arduradun nagusiak.

 Sinatu aurreko bileran, Confebaskeko presidente Eduardo Zubiaurrek aukera baliatu du agerian jartzeko enpresarien erakundeak nolako garrantzia ematen dion Elkarrizketa Sozialaren Mahaia bezalako foroetan parte hartzeari. Euskal eragile sozialen arteko elkarrizketa gorantz doan balio bat da, badakigulako akordioetara iristeko modu bakarra dela, herrialde gisa aurrera egin ahal izan dezagun. Eta are gehiago egungo testuinguruan, gure produkzio sarean eta gizarte osoan aldaketa handiak eta eraldaketa sakona gertatzen ari direnean”.

“Finean - amaitu  du -, gure balorazioa da Euskadin elkarrizketa sozialaren bultzada irmo baten aurrean gaudela, neurri zehatzekin eta lanerako plan anbiziotsu batekin. Akordioak lortzeko gai gara, hori erakusten ari gara, eta hori beti da poztekoa”.

 

Edukiak

Gaur berretsitako akordioen edukiei dagokienez, lehenengoa ‘4.0 Industriarako trantsizio justuaren aldeko Ituna‘ da; horren bidez, euskal industria  sarera datozen aldaketei eta produkzioa hobetu beharrari erantzun nahi zaie. Confebaskek konpromisoa hartu du aldaketei erantzukizunez eta gardentasunez aurre egiteko, elkarrizketa sozialetik, adostasunetik eta guztion arteko lankidetzatik abiatuta.

Bigarren akordioak ‘Lan Berriak – Enplegu nitxo eta  aukera berriak’ aipatzen ditu, enplegu nitxo berriei lotutako profil profesional berriak hautemateko eta bultzatzeko, besteak beste, enpresen beharrei erantzuteko. Helburu horrekin, Lanbideri eskatzen zaio plan zehatzak diseinatzeko, batez ere iraupen luzeko langabeentzat eta langabezian dauden beste pertsona batzuentzat, beren profil profesionala zeregin berrietara egokitu ahal izateko.

Enpleguaren eta prestakuntzaren ildo horretan, gaur goizean berretsi diren beste akordioetako beste bat ‘Kualifikazio eta Espezializazio Profesionalen Euskal Sistemaren Garapena’ lantzen duena da, bere xedea izanik gure euskal sare produktiboari prestakuntzarako tresna espezifiko arinak eta dituen beharretara egokituak ematea, alde batetik, pertsonen enplegagarritasuna mantentzeko eta hobetzeko, eta bestetik, euskal enpresen lehiakortasuna mantentzeko eta hobetzeko.

Horrenbestez, esaterako, ESMk, Confebasken lankidetzarekin, erabaki du Konpetentziak Egiaztatzeko Sistema bat diseinatzea eta martxan jartzea, konpetentzia profesionalak aitortzeko sistema egonkor baten bitartez, konpetentziak ‘de facto’ lortu dituztenentzat (adibidez, urteetako esperientzia edo jardueragatik), baina hori egiaztatzeko titulazio ofizialik ez dutenentzat.

Zalantzarik gabe, langileen prestakuntzarako euskal esparru berri bat garatzera bideratutako funtsezko akordioak dira, Confebasken iritziz, erronka estrategikoa baita egungo legegintzaldian.

Gaur sinatutako laugarren dokumentuaren ardatza ‘Berdintasun planen garapena’ da, arlo horretan planak negoziatzeko eta garatzeko programen bidez. Besteak beste, ESMko kide garen guztion arteko itun honek Berdintasunean eta Negoziazio Kolektiboan adituak diren emakume talde bat sortzea eta mantentzea barne hartzen du, Emakundek eta Lan Harremanetarako Kontseiluak (LHK) proposatuta.

Azkenik, gaur sinatutako bosgarren dokumentua aldi baterako lan erregulazioen osagarriaren hirugarren luzapenari buruzkoa da, ESMko kideek Eusko Jaurlaritzarekin batera ekainean adostutakoa.