“Garrantzitsua da Euskadiko LHak lankidetzan eta euskal enpresen beharrei erantzuten jarraitzea”

  • Eduardo Aretxaga Confebaskeko zuzendari nagusiaren adierazpenak, Lanbide Heziketaren 6. euskal plana onartu ondoren
Eduardo Aretxaga

Confebaskeko zuzendari nagusia, Eduardo Aretxaga (Argazkia, Confebask)

2022-11-07

LHko euskal kontseiluaren osoko bilkurak, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak presidituta, argi berdea eman dio Lanbide Heziketaren 6. Euskal Planari, tartean diren gizarte eragileen akordioarekin, horien artean Confebask, zeinak modu aktiboan parte hartu baitu plana idazten.

Onartu ondoren egindako adierazpenetan, Confebaskeko zuzendari nagusi Eduardo Aretxagak nabarmendu duenez, “dokumentu honek Euskadiko Lanbide Heziketa gidatuko du datozen 3 urteetan, eta jarraipena emango dio aurreko bost planetan eraikitakoari. Ildo horretan, garrantzitsua da Euskadiko LHak lankidetzan eta euskal enpresen beharrei erantzuten jarraitzea, batez ere ETE-ei, talentuaren, etengabeko prestakuntzaren edo berrikuntzaren arloan.

Halaber – jarraitu du Eduardo Aretxagak –, garrantzitsua da baita ere are erakargarriagoa egitea euskal gazteentzat eta, bereziki, neskentzat industriaren adarrean. Horretarako, funtsezkoa da hori lortzen lagunduko digun hezkuntza orientazio baten konfigurazioan aurrera egitea. LHak Euskadiko enpresa pribatuko langile berrien eskariaren %60 asetzen du, eta erronka demografikoak, pertsonen faltarekin batera, gure lanbide heziketa estatu osoan erreferente gisa mantentzera behartuko gaitu. Azkenik – amaitu du Confebaskeko zuzendari nagusiak –, 6. plan honek LH+Unibertsitate lankidetzan aurrera egitearen alde egiten duela nabarmendu nahi nuke”.

513 milioiko aurrekontuarekin eta 2024ra arteko iraupenarekin, Euskadiko LHaren 6. plan honen helburuak hauek dira: ikasleen garapen pertsonalera eta profesionalera egokituko den errendimendu handiko prestakuntzarako gaitasunak hobetzea; industria, zientzia eta beste LH batzuk egiteko berariazko orientazioa sustatzea estrategikotzat hartzen diren sektoreetan; etengabeko ikaskuntza bultzatzea; edo emakumea sektore maskulinizatuenetara sartzea sustatzea,  Euskadin talentua erabat sartzeko.