“Euskadin gure Lanbide Heziketaren alde egiten jarraitu behar dugu, eta horren bidez prestatzea aukeratzen duten gazteen alde”

  • Isabel Bustoren adierazpenak, Confebaskek antolatzen duen Euskal Enpresa eta LH Ekitaldiaren 29.edizioan; estatuan egiten den horrelako bakarra da.

 

  • Confebasken azken inkestan jasotzen denez, Lanbide Heziketa da euskal enpresen enplegu eskaintzen profil nagusia.

 

  • Ekitaldira LHko 600 bat gazte eta ikastetxeak eta elkarteak bildu dira, baita Eusko Jaurlaritzako LHko sailburuorde Jorge Arevalo ere.
Confebask

Confebaskeko lehendakari Isabel Busto, Jaurlaritzako eta Confebaskeko beste agintariekin batera (Argazkia, Manu de Alba Confebaskentzako)

2022-11-21

Isabel Busto Confebaskeko presidenteak, gaur goizean egin den Euskal Enpresa&LHaren urteroko ekitaldian, “enpresek, prestakuntza zentroek, irakasleek eta ikasleek enpresa eta herrialde gisa lehiakortasunerako estrategikotzat jotzen dugun eredu baten alde egindako ahalegina eta apustua” nabarmendu ditu. “Lanbide Heziketako seigarren euskal plana onartu berri da, eta hori helburu bera duen lankidetza horren adibide argi bat da: estatuan eta Europar Batasunean dagoeneko erreferentea den eredu bat finkatzea, inplikazio kolektiboari esker”.

Euskaldunan zeuden 600 gazte ingururi zuzenduta, Confebaskeko presidenteak gogorarazi die “euskal enpresen enplegu eskaintza gehienen profila Lanbide Heziketarekin lotuta dagoela, erdi mailakoa zein goi mailakoa izan. Beraz, oso aukera ona aukeratu duzue. Enpresek zuen prestakuntzan inbertitzen jarraitu behar dugu. Gure Lanbide Heziketaren alde egiten jarraitu behar dugu eta horren bidez prestatzea aukeratzen duten gazteen alde. Eta are gehiago talentuan gero eta eskasia handiagoa dela kontuan hartuta”.

Confebask

 

Ildo horretan, Isabel Bustok nabarmendu duenez, “soilik 2021-2022 azken ikasturtean honetan ia 14.000 gaztek lortu dute Lanbide Heziketako titulua Euskadin, derrigorrezko praktikak egin ondoren. Eta, gainera, bereziki azpimarragarria da euskal LH dualaren gero eta garrantzi handiagoa”.

“2012az geroztik – urte hartan jarri zen martxan egungo eredu duala16.000 gazte inguru prestatu dira horretan ia 10.000 enpresatan. Eta Euskadin ezaugarri bereizgarri garrantzitsu bat dugu: enpresaren konturako ordainsaria, orain dela hamarkada bat baino gehiago ezarri zen lehenengo egunetik, euskal enpresak bere gazteen prestakuntzarekin eta enplegagarritasunarekin duen konpromisoaren erakusle”.

Halaber, Confebaskeko presidenteak Erasmus+ eta antzeko programen garrantzia ere nabarmendu du, “besteak beste, Hezkuntza Sailaren, SEPIEren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta gure kudeaketarekin, urtero Lanbide Heziketako ehunka ikasle bidali baititzakegu atzerriko enpresetan praktikak egitera.  Azken urteotan 2.000 gaztek baino gehiagok egin dute gurekin”.

Gainerakoan, Isabel Bustok ez du amaitu nahi izan Euskadiko Lanbide Heziketan euskarak duen presentzia gero eta handiagoa aipatu gabe. “Ildo horretan, nabarmendu nahi nuke Lanekik euskarazko testuak eta materialak eskaintzeko betetzen duen zeregina, ikastetxeen eta enpresen prestakuntzan erabiltzeko. Aurrerapenak nabarmenak dira eta guztion meritua da; Laneki, ikastetxeak, enpresak eta ikasleak. Hain zuzen ere, aurrerapen hori ikusarazteko, aurten zigilu bat sartu dugu diplometan, prestakuntza osatu dutenei euskaraz osatu dutela egiaztatzen diena”.

 

Enpresen lehiakortasuna eta kalitatezko enplegua

Halaber, Confebaskeko presidenteak enpresa lehiakorrak izatearen garrantzia azpimarratu du. “Enpresa lehiakorrik gabe, ez dago kalitatezko enplegurik, ezta ongizate estaturik ere. Ezin da kalitatezko enpleguaz hitz egin, atzean enpresa lehiakor bat eta ingurune instituzional, sozial eta formatibo bat ez badago. Euskadin, enpresak eta lanbide heziketako sistema proiektu komunaren, lankidetzaren eta konfiantzaren adibide gara. Hori azpimarratu behar dugu, gaur egungo egoera gorabehera, eta nahiz eta ziurgabetasun handia egon, eta gizartearentzat, oro har, eta enpresentzat, bereziki, zailtasunak egon”.

 

Aitortza eta diplomak

Horrez gain, Confebaskek antolatutako Enpresa&LH ekitaldian, urtero bezala, Eduardo Aretxaga zuzendari nagusiak Euskal Enpresa Konfederazioak enpresei eta instruktoreei erakusten dizkien ohiko aitortzak jakinarazi ditu, “prestakuntzaren jardunean gehien nabarmendu direnen lana aitortzeko. Horiek hautatzeko, Lanbide Heziketako ikastetxeen beraien balorazioak hartu dira kontuan”.

Oraingoan, eta enpresen atalean, errekonozimendua jaso dutenak izan dira Entech Máquinas a Medida, Seak proposatuta; Vda. De Cándido Gastelurrutia, Cebekek proposatuta; eta Transnatur Norte, Adegik proposatuta.

Prestatzaileei dagokienez, Confebaskek Michelin enpresako (Araba) Prestatzaile Taldea, Finanzauto enpresako (Bizkaia) Felix Perez, eta Lemu Group enpresako (Gipuzkoa) Victor Domínguez aintzatetsi ditu.

Confebask FCT

 

Azkenik, Confebaskek diplomak banatu ditu. Pandemiaren ondorioz bi urtez asistentziaren formatuta murriztuta egon ondoren, ohiko edukiera berreskuratu du, eta 600 gazte inguru bildu ditu Bilboko Euskalduna Jauregian, diploma eskura jasotzeko, urtero Euskadin lanbide heziketako titulu bat lortzen dutenen ordezkari gisa.

Bilboko Euskalduna izan da Enpresa&LH urteko galaren agertokia, Confebaskek 29. urtez jarraian antolatuta, Adegi, Cebek eta Sea elkarte kideekin lankidetzan, estatu osoan horrelako ezaugarriekin egiten den ekitaldi bakarra izanik. Diploma banaketan Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalok ere parte hartu du, eta gazteei beren lan bizitzan zehar prestatzen jarraitzeko.