“Lan istripuak Euskadin”

Roberto Larrañaga Confebaskeko lehendakariaren artikulua El Correo eta Diario Vasco, Vocento taldeko egunkarietarako.

Roberto Larrañaga

2019-05-06

Euskadin Vocento Taldeak atera berri duen artikuluan Confebaskeko lehendakari Roberto Larrañagak gogorarazi duenez, “beti esan izan dugu lan istripu ororen atzean tragedia pertsonal eta enpresarial jasanezin bat dagoela.  Eta, are gehiago, istripuak heriotza eragiten badu. Aitzitik, onartuta denon helburua dela – enpresena eta langileena – istripu tasa zerora jotzea, esan beharra dago, betiko norabide “suntsitzailean” doazen mezuak gorabehera, Euskadin gai honetan gauzak hobetzen ari direla. Euskal enpresek oro har, eta Confebaskek zehazki, oso salaketa gogorrak entzun behar dituzten arren, zifrek baieztatu egiten dute hobekuntza hori. Berriro ere, ‘ekintzak’ ‘inpresioen’ aurka”. 

Artikuluan zehar, Confebaskeko lehendakariak nabarmentzen duenez, “Osalan da Euskadiko zifra ofizial errealak ematen dituen erakunde bakarra.  Beste batzuek ‘ motu propio’ ezagutarazten dutena beraiek bakarrik landutako estatistikak dira, metodo eta kontrol publikotik kanpokoak eta, ondorioz, ez dute kontrastatzeko behar besteko bermerik”.

Eta, azken datu ofizialak eskutan, “lan istripuen intzidentzi indizea mila langileko %12 jaitsi da aurtengo lehen hilabeteetan. Berdin gertatu zen aurreko urtean ere, eta, beraz, fokua zabaltzen badugu eta orain dela 20 urte jasaten ari ginenari erreparatzen badiogu, aldagai hori erdira murriztu da: 2000. urtean, mila langileko 78 istripu gertatu ziren, eta 2018an, berriz, 37,87. …Lanaldian gertatutako heriotzei dagokienez –jarraitzen du – bilakaera antzekoa da:  2000. urtean 85 istripu gertatu ziren heriotzarekin, eta 2018n zifra hori 34ra murriztu zen, hor ere erdia baino gutxiago”.

Artikulua amaitzeko, Roberto Larrañagak azpimarratzen du  “enpresek laneko segurtasun eta osasunarekin duten konpromisoa,nahiz eta lan istripuen aurka borrokatzeko bereziki sortutako mahaietatik altxatzen direnek irain egiten diguten aldian-aldian, eta salatu egiten gaituzten, gaitz guztien erantzuleak bagina bezala. Bakoitzak erantzun dezala bere estrategiagatik. Guk, Confebasken, geureari eutsiko diogu: Laneko segurtasunaren eta osasunaren prebentzioa beti izan da saihestu ezinezko lehentasuna, eta izaten jarraituko du, batzuek ‘konfrontazio hutsaren' aldeko politikaren alde egiten badute ere. Hor inoiz ez gaituzte aurkituko”.