Confebasken ustez, premiazkoa da demografiaren eta kualifikazioaren erronka bikoitzari kolektiboki erantzutea, eragin handia baitu enpresa sarean eta euskal gizartearen ongizatean

  • Eduardo Zubiaurre Confebaskeko lehendakariaren adierazpenak Kontseilu Nagusiaren ondoren
  • Beharrezkoa da demografiaren erronkari emandako erantzuna herrialdearen Agendan sartzea, eraldaketa digitala eta klimatikoa jada sartuta dauden bezala.

  • Azken 20 urtean, Euskadin lanerako adinean dauden herritarren kopurua 92.000 pertsonatan murriztu da; mendeko biztanleen artean – gehienak erretiratuak –, berriz, ia 200.000 lagun gehiago dira.
  • 2050erako aurreikuspenen arabera, lanerako adinean duen biztanleria beste 220.000 pertsonatan murriztuko da, eta mendekoak guztien ia erdiak izango dira.
  • Belaunaldi erreleboaz gain, ezinbestekoa izango da enplegurako prestakuntza eredu propio batean sakontzea, produkziorako gaitasun berrietan langileek behar duten kualifikazioa eta birkualifikazioa errazteko, herrialde gisa atzean geratu nahi ez badugu.
  • Koiunturari dagokionez, Confebaskek uste du oraindik bidea dagoela krisia behin betiko gainditzeko, baina badirudi okerrena igarota dagoela.  
  • Euskal enpresek epe laburrera dituzten kezka nagusien artean nabarmentzen dira Espainiako eta nazioarteko ekonomia ahula dela oraindik, salmenten errentagarritasunaren jaitsiera, lan kostu handiak, energia, lehengaiak eta garraioa azkar eta biziki garestitzea, eta produktu jakin batzuez hornitzeko arazoak. Europako funtsak enpresara, oro har, eta enpresa txiki eta ertainetara, bereziki, nola iritsiko diren ere kezka iturri dira.
confebask

2021-07-21

Confebaskek ohiko Kontseilu Nagusia egin du gaur goizean, eta bertan izan dira Batzorde Exekutiboa eta Adegi, Cebek eta Sea erakunde kideetako lehendakariak eta zuzendari nagusiak.

Ondorengo prentsaurrekoan, Eduardo Zubiaurre Confebaskeko lehendakariak hainbat gairen errepasoa egin du. Eta, besteak beste, euskal gizarteak epe ertainean aurre egin beharreko erronka bikoitza 'estrategikoa' dela azpimarratu du, gure etorkizuna baldintzatu dezakeelako.

 

Demografia

Alde batetik, Eduardo Zubiaurrek Euskadiren gainbehera demografikoaz eta aurreikuspenak zuzendu beharraz ohartarazi du.  “Gaur egun, Euskadik estatuko batezbestekoaren oso gainetik dagoen zahartze indizea eta Europako jaiotza tasarik baxuenetakoa du. Baina, gainera, XXI. mendearen lehen bi hamarkadetan, Euskadik bere lan indarraren zati handi bat galdu du".

2000. urtean – jarraitu du – lanerako adinean zegoen biztanleria guztizkoaren ia %70 zen, baina 2020an ehuneko hori %62ra jaisten zen, hau da, 92.000 pertsona gutxiago. Datozen hamarkadetan, 2050era arte, aurreikuspena da beste 220.000 langile gutxiago egongo direla. Aitzitik, azken 20 urtean, mendeko biztanleen kopurua, hau da, mendeko adingabeen eta erretiratuen kopurua, ia 200.000 pertsonarekin handitu da. Eta, hemendik 30 urtera, aurreikuspenen arabera, Euskadin mendeko biztanleria guztiaren ia erdiak izango dira”.

Confebaskekko lehendakariak ohartarazi du hori mehatxu larria dela herrialdearentzat, izan ere, “ez dugu behar beste pertsona izango belaunaldien erreleboari aurre egiteko, hazkunde ekonomikoak eta errentak orain arte lortutakoetatik oso behera egongo dira, Euskadik pisu erlatiboa galtzen jarraituko du estatuko ekonomian eta populazioan, eta, azkenik, zergadun gutxiago egongo direnez, gure ongizate egoera mantentzea arriskuan egon liteke”.

Egoera horren aurrean, “premiazkoa da erronka demografikoari eman beharreko erantzuna herrialdearen Agendan sartzea, eta datozen hamarkadetan lanerako adinean dagoen biztanleria handitzeko konpromiso argia eta irmoa lortzea”.

 

Kualifikazioa

Demografiaz gain, enplegua duten pertsonak eta lan bila dabiltzanak ‘kualifikatu eta birkualifikatu’ behar dira. "Denbora daramagu euskal enpresek enplegu beharrei erantzuteko behar diren kualifikazioak dituzten eta gero eta lehiakorragoak diren pertsonak aurkitzeko ditugun zailtasunei buruzko gure mezua errepikatzen", azpimarratu du Eduardo Zubiaurrek.

Horrenbestez, alde batetik, datozen hamarkadetan erretiroa hartuko duten 675.000 lagunen belaunaldi ordezkapena arrakastaz egiteko, “gazteen hezkuntza eta lanbide orientazioa enpresek ezinbestekotzat jotzen dutenerantz bideratu behar da, gure ekonomiaren oinarrizko jarduerak bermatu nahi baditugu”.

Beste aldetik, “beharrezkoa izango da egun enplegatutako dauden 1 milioi lagunen zati handi bat birkualifikatzea, baita langabeak ere, gure enpresa sarearen eraldaketa lehiakorrak arrakastaz landu nahi baditugu, Europak datorren hamarkadarako markatu dituen esparruetan.  Horretarako, enplegurako prestakuntza eredu propioa behar dugu, eta eredu hori eratzea eta abian jartzea enpresen, hezkuntza erakundeen eta gizarte eragileen zeregina izan behar da, Herrialdearen lehiakortasunean atzean geratu nahi ez badugu”.

"Laburbilduz, beharrezkotzat eta premiazkotzat jotzen dugu erronka bikoitz bati modu kolektiboan erantzutea: demografiari eta kualifikazioari. Biek eragin handia dute gure enpresa sarean, eta ondorioak dituzte gure ongizate egoeran”. Bi gaiak sartu behar dira Herrialdearen Agenda instituzional eta politikoan, eraldaketa digital eta klimatikoarekin gertatu den bezala”.

 

Koiuntura ekonomikoa

Euskadiko ekonomiaren bilakaerari dagokionez, Confebaskeko presidenteak adierazi duenez, “lehen hiruhileko ‘herren’ bat gaindituta, esan daiteke itxaropenez egiten diogula aurre urteko bigarren seihilekoari. Esku artean ditugun datuekin, enpresen eta kontsumitzaileen konfiantza ekonomikoak nabarmen hobetzen jarraitzen du, Euskadin ekoizpen industriala covidaren aurrekoaren berdina da ia, eta sektore guztien jardueraren adierazleek diote urtearen bigarren zatian hobekuntza nabarmena egongo dela. Oraindik bidea dago errekuperatzeko, nahiz eta krisiaren okerrena pasatu dela dirudien”.

 

Enpresen kezkak

Nolanahi ere, jarduerak pixkanaka hobera egin badu ere, ziurgabetasuna oso handia da oraindik, eta enpresek hainbat kezka transmititzen dituzte. Besteak beste, Eduardo ZubiaurrekEspainiako eta baita ere nazioarteko ekonomiaren ahultasuna azpimarratu ditu. Kezkarako beste elementu batzuk dira salmenten errentagarritasunaren jaitsiera eta lan kostu handiak ere”.

Baina, horrez gain, beste kezka faktore batzuk ere badaude: “energiaren eta lehengaien eta logistikaren kostuen garestitze azkarra eta bizia, baita gure ekonomiako sektore giltzarrietarako, hala nola autogintzarako, zenbait produkturen hornidura arazoak ere”.

Eta interesez eta “kezkarekin” jarraitzen den beste kontu bat Europako ‘Next Generation‘ funtsekin zerikusia duen guztia da. Ildo horretan, Confebaskeko lehendakariaren hitzetan, “Euskadik oso ondo kokatutako proiektu eragileak ditu arlo horietan. Eta enpresa txiki eta ertainen sarea ere oso lerrokatuta dagoela proiektu horiekin. Baina, hortik aurrera, oraindik ez dakigu norekin, noiz eta nola gauzatuko diren”.

 

Lidergoa eta konpromisoa

Azkenik, Confebaskeko lehendakariak berretsi egin du euskal enpresakHerrialdearentzako oparotasun ekonomiko eta soziala” lortzeko konpromisoa duela. Etorkizun horrek “enpresen eraldaketa kulturala” ere eskatzen duela gaineratu du. Orain dugun ‘agerraldi digital 'azkarrak lidergo eta antolakuntza eredu berriak ezartzen ditu konpainien barruan, eta hori ezinbestekoa da euren lehiakortasuna garai berrietara egokitu nahi badugu”.