- Ekitaldia, Imanol Pradales lehendakaria eta Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordea ekitaldi honen buru izan dira
- Iaz, Eusko Jaurlaritzaren Lan Hitz programaren bitartez, 186 enpresak jaso zuten dirulaguntza euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko.

(Argazkia, Irekia)
2025-06-09
Euskal gizarteko sektore guztietako 270 pertsona baino gehiago bildu dira euskarak behar duen jauzi kualitatiboari buruzko ekitaldian, Jaurlaritzak deituta, eta ‘Jauzia gara’ lelopean. Haien artean, Cebekeko presidentea den Guillermo Buces, eta baita ere, Confebaskeko komunikazio arduraduna.
Ekitaldi honetan, Imanol Praadales lehendakariak aditzera eman du Eusko Jaurlaritzak “Euskararen Erabilera Biziberritzeko Biltzarra” antolatuko duela 2027an, “datozen hamarkadetan euskararen oinarrizko printzipio eta ardatzei buruzko adostasun zabala” lor dadin.
Lehendakaria buru izan duen ekitaldiak ideia hau izan du ardatz: “hitz bat nahikoa da euskara barruan eramateko. Hitz hori haztea da erronka”.
Beste aldetik, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, hitza hartu duenean, legealdiko lehen urtean egindako ekintzen errepasoa egin du.
Azaldu duenez, “Eusko Jaurlaritzak 600 eragileri eta 350 erakunderi baino gehiagori entzun die”, gizartearen kezkak ezagutu eta erabakirik onenak har daitezen. Hala, zenbait arlotan egindako urratsak azaldu ditu, hala nola, lan-arloan eta arlo sozioekonomikoan, hizkuntzaren ezagutzan eta ikaskuntzan, arlo digitalean, gizarte-harremanen arloan, eta hizkuntzari prestigioa ematearen arloan.
Eusko Jaurlaritzak, LANHITZ deialdiaren bidez, gaur egun 2,2 milioi euro jartzen ditu enpresetan euskararen erabilera eta presentzia areagotu dadin. Iaz 186 enpresak jaso zuten dirulaguntza hori.
--------------------
CONFEBASKi BURUZ
1983an lurraldeetako erakunde kideek sortua – Adegi (Gipuzkoa), Cebek (Bizkaia) eta SEA Empresas Alavesas (Araba) –, Confebask Euskadiko sektore arteko Enpresa Erakunde adierazgarriena da, tamaina eta sektore guztietako enpresak dituelako, eta, beraz, instituzio autonomiko, erakunde sindikal, komunikabide eta, oro har, euskal gizartearen aurrean enpresen erreferentziazko solaskidea da.
Euskal enpresak sortzen duen aberastasuna Euskadiko BPGaren %70 inguru da, lana duten pertsona guztien %70i ematen die enplegua, %85 kontratu mugagabearekin, eta Estatuko batez besteko soldatarik altuenak ordaintzen dizkie, Madrilekin batera.
Gainera, ordaintzen diren zergekin, Eusko Jaurlaritzaren gastu sozialaren %94 ordaintzen laguntzen dute urtero, 12.000 milioi euro inguru. Horrez gain, 7.600 milioiko ekarpena egiten dute langileen pentsioetarako eta langabezia asegururako.