- Confebasken txostena hurrengo pentsio erreformaren iragarpenaren ondoren (ikusi hemen erantsitako koadroa)
2023-03-16
Gobernuak pentsioen erreforma bat egiteko egindako iragarpenaren aurrean, zeinean enpresen eta langileen Gizarte Segurantzako kotizazioak handitu nahi baitira sistemaren sarrerak handitzeko, Confebaskek horrek epe labur eta ertainera ekarriko lukeen kostu gehigarriaren lehen estimazio bat egin du.
Confebaskek uste du enpresak, oro har, Euskadin dauden besteren konturako 700.000 langileengatik 530 milioi euro inguruko gainkostua ordaintzera behartuta egongo direla hurrengo bi urteetan, 2024/2025. Erreforma gaur egun ezagutzen diren baldintzetan mantentzen bada, enpresen gainkostu hori 1.500 milioi ingurukoa izango litzateke 2030era arte, eta 5.000 milioikoa 2045era arte. Inpaktu handiko estimazioak dira, eta hori kotizazioko oinarri maximoak gainditzen dituzten lan errentek elkartasunagatik ordaindu beharreko %6ko gainkostua txertatu gabe.
Zifra horien aurrean, Confebaskek ohartarazi du neurri horiek zigor handia direla enpresentzat, lanaren kostuaren igoera handia dakartelako, produktibitate handiagorik gabe, eta horrek, ziurgabetasun eta errentagarritasun baxuko oraingo testuinguruan, Euskadiko enpresen lehiakortasuna larriki kaltetuko duela.
Enpleguari ere zigor argia ekarriko diote, besteren konturako langile gehiago kontratatzeko pizgarria kenduko baitute, kostu finkoa handitu egingo delako. Gainera, langileen erosahalmenari kalte egingo dio, inflazio handiko une honetan, izan ere, soldata garbia murriztuko duten eta egungo plantilletako soldatak eguneratzeko enpresen gaitasuna mugatuko duten neurriak dira, negoziazio kolektiboan eta lan harremanetan tentsioak ekarriko dituztenak.
Horrez gain, Confebaskek kalkulatu du kotizazioko oinarri maximoen igoerak besteren konturako 100.000 langile ingururi eragingo diela Euskadin, eta horrek kualifikazio handiagoa duten langileak kontratatzea zigortuko duela eta Euskadin talentua erakartzeko zailtasun gehigarria ekarriko duela.