2021. urte amaieran, 58.145 enpresa daude Euskadin; alegia, duela urtebete baino 623 enpresa gehiago, baina oraindik pandemia aurreko erregistrora iritsi ezinik

  • Autonomoen kopuruak antzeko bilakaera izan du, eta hartzekodunen konkurtsoan dauden enpresek behera egin dute hirugarren hiruhilekoan lehen aldiz, urtebeteko igoeren ondoren
Confebask

2022-01-13

Confebaskeko azken newsletterrean (ikus hemen) zehazten den bezala, 2021eko azken balantzeak adierazten du Gizarte Segurantzan inskribatutako euskal enpresen kopurua 58.145 izatera iritsi zela. Aurreko ekitaldian baino 623 gehiago dira, baina, hala ere, oraindik pandemia aurreko erregistrora iritsi gabe (2020ko otsaila), Euskadin ia 59.000 enpresa baitzeuden inskribatuta garai hartan. Joan den abenduan, orduan baino 748 enpresa gutxiago zeuden erregistratuta Euskadin (-%1,3). 2020ko apirilean ezarritako minimotik, galdutako enpresa guztien %64 lehengoratu dira.

Urteko konparaketan (2021eko abendua - 2020ko abendua), eta sektoreka, enpresen kopurua industrian bakarrik jaitsi da. Baina fokua 2020ko otsailera arte irekitzen bada (pandemia aurreko maila), konpainien kopurua orduan baino txikiagoa da sektore guztietan: Industria
(-%2,6 eta 174 enpresa gutxiago); eraikuntza (-%1,6 eta 82 enpresa gutxiago); eta zerbitzuak
(-%0,9 eta 414 enpresa gutxiago).

Estatu osoan gertatutakoarekin alderatuta, Euskadiko bilakaerak okerrera egin du pixka bat: abenduan, behera egin zuen Euskadiko enpresen kopuruak, eta, Estatuan, berriz, gora; pandemia aurreko garaiarekin alderatuta ere (2020ko otsaila), behera egin du Euskadiko konpainien kopuruak (-% 1,3), eta, Espainiako Estatuan, berriz, gora egin du pixka bat (+% 0,6).

Autonomoen kopuruari dagokionez, 2021ean 61 autonomo gehiago daude duela urtebete zeudenekin alderatuta, baina oraingoan ere ez da lortu pandemia aurreko erregistroa berdintzea (2020ko otsaila).

Eta, azkenik, 2021eko hirugarren hiruhilekoari dagozkion azken datu ofizialak kontuan hartuta, 47 euskal enpresa sartu ziren konkurtsoan, aurreko urteko aldi berean baino %29,9 gutxiago. Urte arteko lehen jaitsiera da, lau hiruhilekotan jarraian gora egin ondoren, baina urteko lehen bederatzi hilabeteetan konkurtsoan sartutako enpresen kopurua %14,8 hazi zen.