- Euskal legebiltzarkideek Aernnovaren eta Egile Taldearen instalazioetara egin duten bisitarekin inauguratu da programa.
Legebiltzarkideak eta Confebaskeko ordezkariak, Egile Taldeari eginiko bisitaldian (Argazkia, Confebask)
Confebaskek eta bere elkarte kide ADEGI, CEBEK eta SEAk plan bat jarri dute abian legebiltzarkideek euskal enpresak bisitatzeko, “legebiltzarraren eta enpresaren” arteko elkar ezagutza hobetzeko eta Euskal Ganberara zuzenean hurbiltzeko euskal enpresen funtzionamenduaren errealitatea, haiek egiten duten jarduera eta bizi duten egoera zehatza.
Euskal Ganberaren Garapen Ekonomikoko eta Azpiegituretako Batzordea osatzen duten euskal talde politiko guztietako legebiltzarkideei bidali die Confebaskek gonbidapena.
Legebiltzarreko ordezkaritzak bi euskal enpresaren instalazioak bisitatzeko aukera eduki du. Alde batetik, Aernnova. Enpresak Berantevillan duen egoitza zentralean egon dira (Araba) eta han enpresako zuzendaritzak hartu ditu. Zuzendaritza taldeak enpresa labur aurkeztu ondoren instalazioak bisitatu dira, eta ondoren euskal enpresek oro har duten jarduerari eta egoerari buruzko hainbat gairi buruz hitz egiteko aukera eduki dute.
Aernnova euskal ekonomiaren enpresa traktoreetako bat da, eta aeronautika arloan munduan dauden fabrikatzaile nagusientzako Aeroegituren eta Osagaien diseinuan eta fabrikazioan espezializatuta dago. 600 milioi baino gehiagoko fakturazioarekin eta 4.300 enplegatuarekin, Aernnova Tier 1 nagusia da estatuan eta 10.a munduan.
Ondoren, Legebiltzarkideko ordezkaritza eta Confebaskekoa Mendaroko Kurutz Gain industrialdera joan dira (Gipuzkoa), han baitago Egile Corporación XXI, SL enpresa taldearen egoitza. Hor ere enpresako zuzendaritza taldeak hartu ditu, Eduardo Junkera enpresako presidenteak gidatuta. Kasu honetan ere, enpresa aurkeztu eta instalazioak bisitatu ondoren, legebiltzarkideek Gipuzkoako konpainiako zuzendaritzarekin hitz egiteko aukera eduki dute.
Egile Taldeak oinarri teknologikoko enpresa korporazio bat da, zeinak Doitasun Handiko Mekanika abiapuntu izanik balio handiko produktu, zerbitzu eta soluzioak garatzen baititu hainbat sektoretako bezeroentzat, esaterako, Aeronautika eta segurtasuna, osasun, energia, ingurumena eta ura, zientzia eta xafla meheko trokelgintza sektoreetakoentzat. Korporazioak 30 milioi inguru fakturatzen ditu eta ia 250 pertsonari ematen dio enplegua.
Confebasken programak aurreikusten du legebiltzarkideek ondoko egunetan enpresa gehiago bisitatzea.