Berresteko ekitaldia gaur goizean egin da, Lehendakaritzan
Iñigo Urkullu lehendakaria, gonbidatu batekin, Confebaskeko Amaia López Iriondo eta Jon Bilbao bigarren planoan daudelarik (Argazkia Irekia)
Iñigo Urkullu lehendakariaren iritziz, gaur goizean Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta euskal udalek izenpetu duten Familiaren eta Haurtzaroaren aldeko Itunak “erronka demografikoari eta gazteriaren aldeko apustuari erantzuten dio, Euskadiren gainean dugun etorkizuneko ikuspegian partekatzen dugun lehentasuna baita”. Urkulluk eskerrak eman dizkie familiaren eta haurtzaroaren esparruan lan egiten duten administrazio publikoei eta erakunde sozialei –horien artean dago Confebask–, “jasotako ekarpenengatik eta lanerako espiritua partekatzeagatik –auzolana–, horri esker irismen luzeko konpromiso instituzionala eta soziala eman baitiote Itunari”.
Confebask izan zen, joan den abenduaren 20an, Familiaren eta haurtzaroaren aldeko euskal ituna izenpetu zuten erakundeetako bat, “erakundearteko estrategia bat bultzatzeko asmoarekin, aldaketa demografikoari eta euskal gizartea gaztetzeari begira”, gai hori Confebasken lehentasunen artean baitago.
Confebaskeko Amaia Lopez Iriondoren hitzetan, “itunak aukera emango du euskal gizartean aurre egin beharreko defizit demografiko larriari, eta gaiari buruzko hainbat alderdi esanguratsu ere lantzen dira, hala nola aukera berdintasuna, generoaren perspektiba edo bizitza laborala eta familiarra kontziliatzea”. Lopez bera zein Confebaskeko Arlo Juridiko-Laboraleko zuzendari Jon Bilbao egon dira presente.
Gaur goizeko ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu Ituna osatzen duten balio nagusiak hauek direla: “errespetua, berdintasuna, errekonozimendua, elkartasuna eta autonomia; familiaren rolaren aitortza belaunaldien arteko elkartasunaren eragile moduan; eta guztion autonomia familiaren esparruan garapen pertsonal erabatekoa izateko”.
Lehendakariak nabarmendu du, ahaldun nagusiekin, Eudeleko lehendakariarekin eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalekin batera, “jaiotze tasa handitzea eta seme-alabak dituzten familien laguntzak gehiagotzea Herrialdeko Helburua” dela.