“Talentua erakartzeko ‘Basque Talent’ estrategia bateratua behar dugu, erronka demografikoari aurre egin ahal izateko”

  • Confebaskeko presidente Isabel Bustoren adierazpenak, “Euskal enpresak eta erronka demografikoa” izenburupean Confebaskek eta bere elkarte kideek – Adegi, Cebek eta Sea – antolatutako urteko ekitaldian. (Diskurtsoa hemen)
  • Confebaskeko zuzendari nagusi Eduardo Aretxagak ohartarazi du immigrante gehiago behar ditugula egungo oparotasun eta ongizate mailari eutsi ahal izateko, Euskaditik kanpo bizi diren euskal jatorrizko herritar guztiak itzulita ere ez genukeelako arazoa konponduko”. (Diagnostikoa hemen)
Confebask

Ezkerretik eskumera, Pascal Gomez, Seako lehendakaria; Eduardo Junkera, Adegikoa; Isabel Busto, Confebaskekoa eta Carolina Pérez Toledo, Cebekekoa

2022-10-24

Confebaskek eta bere elkarte kideek – Adegi, Cebek eta Sea – elkarrekin egiten duten urteroko ekitaldia berreskuratu dute, behin Covidaren eraginez jarritako murrizketak gaindituta. Hau izan da aurten aukeratutako gaia: “Euskal enpresak erronka demografikoaren aurrean”.

Jardunaldian, enpresetako eta erakunde publikoetako ordezkari kopuru handi baten aurrean, Confebaskeko presidente Isabel Bustok gogorarazi duenez, "Euskadin ditugun datuek Europar Batasunako herrialdeetatik balantze demografiko okerrena duten herrialdeen artean kokatzen gaituzte. Euskadi, gaur egun, Europar Batasunean 65 urte baino gehiagoko biztanleak dituen bigarren lurraldea da, aurretik bakarrik Italia dugula. Alegia, gizarte zaharkitua gara, Europako jaiotza tasa txikienetakoa duena eta, gainera, azken urteotan lan egiteko adinean dauden pertsonen kopurua arian-arian murrizten doala ikusten ari gara”.

 

‘Basque Talent’ estrategia

Testuinguru horretan, hau ziurtatu du Confebaskeko presidenteak: “herrialde estrategia behar dugu, “Basque Talent estrategia" bezalakoa, guztion artean diseinatutakoa, hau da, erakunde publikoekin, enpresekin, unibertsitateekin eta oro har hezkuntza sistemarekin batera, herrialdearen ikuspegi bateratua eta transbertsala izango duena eta aurrean dugun erronka menderatzea ahalbidetuko diguna”.

Isabel Busto

 

Bere iritziz, “estrategiak oinarrian bi ardatz lehentasunezko izan behar ditu: alde batetik, jaiotzak edo laneko kontziliazioa, besteak beste, sustatzeko beharrezkoak diren laguntzak ematea. Baina, gainera, ezin dugu ahaztu “enplegurako immigraziorako” berariazko politika behar izango dugula, ihesean edo gure artean babestu nahian dabiltzanekiko elkartasunez ahaztuko ez dena, baina, aldi berean, kontuan izango duena horien “talentua” ere behar dugula. Erakarri, mantendu, guztion ongiari ekarpena egitea”.

“Esparru horretan – jarraitu du –, pertsonak iristea erraztuko duen sistema bat asmatu behar dugu: berriro diot, babesgabeenei inoiz ere laguntza ukatu gabe. Kontua da ate berri bat irekitzea, ez aterik ixtea”.

Ildo horretan, Confebaskeko presidenteak Gobernu zentralak sustatutako aurrerapenak aitortu ditu, besteak beste profesionalak falta diren sektoreetarako langileak haien jatorrian kontratatzea errazteko, eta, halaber, baita atzerritarrei bizileku baimenak eta prestakuntza eta lana ematea ere. Aintzat hartu ditu, era berean, kanpoko talentua erakartzera hiru euskal aldundiek bideratutako zerga pizgarriak ere.

Baina, gainera, Isabel Bustok beste zenbait hobekuntza sartzeko aukerak ere aipatu ditu, hala nola izapideak egiteko “leihatila  bakarra” eta Euskadira lan egitera etortzea erabakitzen duten guztien erabateko gizarteratzea, edo berariazko prestakuntza planak, euskal enpresen beharrak asebetetzera bideratutakoak.

 

Enpresak

Enpresen aldetik, Confebaskeko presidenteak etxeko lanak egin beharra dutela ere aitortu du. “ Beharrezkoa da enpresok enpresa kultura bat eskaintzea, balio batzuk eta belaunaldi baten nahiekin bat datozen baldintza batzuk, ez baitute lan harremana lehen ulertzen zen bezala ulertzen. Eta ez gabiltza bakarrik soldata lehiakorrei buruz hitz egiten. Laneko eta familiako kontziliazioa, telelana, ordutegi askatasuna, onura sozialak, lan giro “atsegina”, talde lana, lidergo partekatua…, horra hor hautagaiak “erakarri eta bertan mantentzen” pisu garrantzitsua duten beste faktoreetako batzuk”. "Ildo horretan, Adegiren “Fabrika”, Cebeken “EkinBarri” edo SEAren “4.0 Lan Harremanak” bezalako ekimenek euskal enpresaren kultura aldatzen laguntzen dute, eta hori funtsezkoa izango da euskal enpresa gero eta eskasagoa den talentua erakartzeko gune bihurtzeko helburua lortzeko garaian”.

 

Komunikazioa

Azkenik, Confebaskeko presidenteak ‘kanpora irtetea’ zein garrantzitsua den nabarmendu du. “Gure herrialdea ezagutarazi behar dugu. Euskadi, gaur egun, gizarte oparoa da, modernoa, azpiegiturak dituena, egonkortasun juridikoa eta politikoa eta ongizate estandar batzuk dituena, jarduera sektore askotan diharduten enpresa lehiakor eta punta-puntakoei esker, zeinek Europako herrialde aurreratuenen buruan kokatzen gaituzten. Gure herrialdean enpresek enpresa garapenerako eta hazkunderako proiektuei ekiten diete, lurrean sustraitutako arimarekin ekin ere, eta hori berme bat da Euskadin aberastasuna sortu eta banatzeko eta herritarren gizarte kohesiorako”.   

“Laburbilduz, erronka demografikoari aurre egiteko hau da behar duguna: diagnostiko bateratua eta estrategia partekatua, inplikatutako eragile guztien arteko lankidetzarik handiena, eta beste herrialde batzuetan ikusten dugun horretan oinarritutako proposamen zehatzak eta transbertsalak; eta nola ez, komunikazioa”.

 

Diagnostikoa

Jardunaldiaren hasieran, Confebaskeko zuzendari nagusi Eduardo Aretxagak egoerari buruzko txostena aurkeztu zuen, eta hau oroitarazi zuen: “autonomia erkidego aberatsenen artean Euskadi da, 1980tik, biztanletan gutxien hazi dena. Gainera, XXI. mende honetan langile kopurua murrizten hasi da. Eta, hori gutxi balitz bezala, lanean diharduten hiru pertsonatik bik berrogei urte baino gehiago dituzte, hots, horrek esan nahi du gure langile gehienak 20 - 30 urteren buruan jubilatuko direla”.

Eduardo Aretxaga

 

Eduardo Aretxagak nabarmendu duenez, egun esku artean darabiltzagun proiekzio demografikoek, zuzendu ezean, ondorio negatiboak ekarriko dituzte. Zenbat eta demografia txikiagoa izan, orduan eta garapen ekonomiko txikiagoa eta, horrenbestez, ongizate maila txikiagoa. Pizkunde demografikoa behar dugu”.

Ildo horretan, Confebaskeko zuzendari nagusiak hau aurreratu du: “egun Euskadin dugun oparotasun mailari eusteko, datorren 30 urtean 400.000 pertsona gehiago txertatu behar ditugu lan munduan, 237.000 belaunaldien arteko txandaketa betetzeko eta beste 177.000 gehiago gure hazkunde ekonomikoa sendotzeko. Baina, gure nahia bada lehenago estatuko beste erkidegoekin alderatuta genuen tamaina erlatiboa berreskuratzea, orduan, beste 140.000 langile gehiago beharko genituzke".

“Horrela, bada – jarraitu du –, jaiotza gehiago bai... baina baita immigrazio gehiago ere. Besteak beste, proiekzio horiek ikusita, ez genukeelako konponduko pertsona eta talentu gabezia ezta Euskaditik kanpo bizi diren euskal jatorrizko guztiak – 98.000, INEren zentsuaren arabera – itzuliko balira ere. Herrialdeari buruzko estrategia bateratua behar dugu, eta hori beste lurralde batzuetan egiten dituzten praktika onak ezagutzearekin hasten da, haiengandik ikasteko”.

Eduardo Aretxagak Adegi, Cebek eta Searekin lideratzen duen proiektua aurkeztu du, hain zuzen ere, gure inguruko beste herrialde batzuetan, antzeko arazoa izanda, zer egiten ari diren ezagutzeko.

 

Mahai ingurua eta gonbidatuak

Ostean, mahai inguru bat egin da Confebaskeko enpresa erakundeetako presidenteen parte hartzearekin: Adegitik, Eduardo Junkera; Cebeketik, Carolina Perez Toledo; eta Seatik, Pascal Gomez. Hirurek nabarmendu dute, enpresa gisa, zein garrantzitsua den gizarte aldaketetara eta profil profesionalen eskakizun berrietara egokitzen jakitea. Hirurek oroitarazi dituzte euskal enpresek dituzten zailtasunak behar duten talentua aurkitu, erakarri eta mantentzeko.

Confebask

 

Bat etorri dira: “ez gara bakarrik soldataz hitz egiten ari, baizik eta baita beste gauza batzuetaz ere, hala nola laneko eta familiako kontziliazioaz, horiek ere modu erabakigarrian baldintzatzen baitute ‘talentua geureganatzea’.


Hain zuzen ere, jardunaldian euskal enpresetako hiru gonbidatu izan dira, eta beren esperientzia pertsonala eta profesionala kontatu dute, profesionalak erakarri eta mantentzeari dagokionez. Hauek izan dira: Cecilia Monforte, Pertsona, Kultura eta Komunikazioaren arloko zuzendaria, BBVA IT ESPAÑAn; Juan Jose Salegui, Bellota Taldeko Pertsonen arloko zuzendari korporatiboa Europan, Afrikan, Asian eta Latinoamerikan; eta Asier Urzelai Azpeleta, Pertsonen arloko zuzendaria, CIC Energigunen.

invitados

 

Enpresarien arteko topaketan Jonan Fernandezek ere parte hartu du, Eusko Jaurlaritzako Trantsizio eta 2030 Agendako idazkari nagusiak eta Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategiaren lanketaren koordinatzaileak eta gaiaren inguruan Eusko Jaurlaritzak duen ikuspegia aurkeztu du.  Ihardunaldian, baita egon dira ere, Beatriz Artolazabal, Jaurlaritzako sailburua; eta Teresa Laespada, Bizkaiko diputazioko enplegu diputatua

gonbidatuak

 

ISABEL BUSTOREN DISKURTSOA HEMEN IRAKURRI

DIAGNOSTIKOAREN TXOSTENA IRAKURRI HEMEN