"Enpresen oinarri sendoa dugu egoera honetatik ateratzeko”

  • Eduardo Zubiaurreren hitzaldia APDk antolatutako jardunaldi batean
Eduardo Zubiaurre

Eduardo Zubiaurre, hitzaldiaren une batean 

2021-02-26

Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak gaur eguerdian Bilbon esan duenez, "bizi dugun egoera gorabehera, Euskadin enpresen oinarri sendoa dugu krisitik ateratzeko. Eta hori da krisiari arrakastaz aurre egiteko oinarrizko baldintza ".

Confebaskeko presidentearen adierazpenak APDk 'Egoera ekonomikoa eta enpresen aurreikuspenak Euskadin' izenburupean antolatutako jardunaldian. Bere hitzaldiaren hasieran, Eduardo Zubiaurrek euskal ekonomian eta enpresa sarean pandemia uzten ari den zifrak gogoratu ditu. Gaineratu duenez, "pandemia menperatzen ez dugun bitartean, edo amaiera hori gertu dagoela sumatzen ez dugun bitartean, jarduerak ez du bere ohiko kemena berreskuratuko. Izan ere, 2021a kutsatze olatu berri batekin hasi da, eta txertaketa atzeratu egin da, eta horrek ez du epe labur eta ertainean panorama argitzen laguntzen".

Nolanahi ere, konfiantza dauka koronabirusak eragindako krisitik ateratzeko aukerei dagokienez, izan ere, enpresen oinarri "sendo eta lehiakor" horrez gain, "egonkortasun instituzional egokia dugu enpresa sareak behar duen babesa eta konfiantza emateko, kontzertu ekonomikoa bezalako tresna bat eta finantza pribatu eta publiko saneatuak".

Zentzu horretan, Eduardo Zubiaurrek gogorarazi du beharrezkoa dela "gure ekonomiaren arlo nagusien bilakaera bultzatuko duen herrialdeko agenda bat martxan jartzea, eta horrek balio lezake, adibidez, inbertsio eraldatzaileak egiteko, enpresa estrategikoen errotzea eta hazkundea sustatzeko, tokiko eskaria aktibatzeko edo bereziki zigortuta dauden baina etorkizuna duten enpresak eta sektoreak sendotzeko".

Confebaskeko presidenteak Europako funtsen aukera gogorarazi du, baina "ezin dugu eserita itxaron laguntzak 'zerutik noiz eroriko' zain. Eta, denok dakigun bezala, Euskadin dagoeneko badira industria proiektu garrantzitsuak berrikuntza bide horretan lehen urratsak egiten hasi direnak eta, beren trakzio ahalmenari esker, zalantzarik gabe, Euskadin sustatu nahi dugun eraldaketa lehiakor horretan eragin argia izango dutenak. Bide batez, parte hartzen duen gizartearekiko enpresa konpromisoaren beste adibide bat da".

 

Enpresa konpromisoa eta akordiorako borondatea

Hain zuzen ere, hori izan da bere mintzaldiaren beste ardatzetako bat. Eduardo Zubiaurrek nabarmendu duenez, lankidetzan aritzeko eta aurrera egiteko beharrezkoa izango den esfortzu indibidual eta kolektibo handiarekin solidarioak izateko garaia da. Confebask garen heinean, eta euskal enpresa garen heinean, krisi hau atzean utzi ahal izateko konpromiso argi eta irmoa dugu inbertsioarekin, suspertze ekonomikoarekin eta enpleguarekin, elkarrizketarekin eta akordioarekin. Eta egunez egun erakusten dugu hori gure enpresetatik”.

Dena dela, Euskadiko Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren moduko foroen erabilgarritasuna goraipatu ondoren, "aitortu egin behar dugu, batzuetan, enpresa zehatzaren eremura jaisten garenean, zailtasun estruktural larriak izaten ari den horretara, askotan, harresi bat aurkitzen dugula erantzuntzat, blokeatu egiten duena malgutasun handiagoaren edo beharrezko doikuntza jakin batzuen inguruan adosteko aukera oro".

"Errealitateari ezin zaizkio begiak itxi", gaineratu du. "Enpresa bat egoera larrian dagoenean barne akordioak lortu behar dira, malguagoa izateko eta, neurri traumatikoagoetara joan behar izan gabe, doikuntzak egin ahal izateko. Eta, betiere, lanpostuak eta enpresaren bideragarritasuna zaintzeko eta egoera horretatik ahalik eta ondoen ateratzeko asmoarekin. Onena da guztion artean akordioak modu baketsuan eta guztien ongizatea bilatuz lortzea. Eta hori elkarrizketarekin eta akordiorako borondatearekin lortzen da ".

Mintzaldia amaitzeko, Confebaskeko presidenteak gogoratu duenez, "euskal enpresariak, beste behin ere, herrialdearekin konprometituta daude, ekonomiaren eta enpleguaren susperraldiaren alde eginez, inbertsio berriak eginez eta arrisku berriak hartuz".