Terrorismoaren biktimen Europako Eguna

Datorren martxoaren 11n Terrorismoaren biktimen Europako eguna izango da. Arrazoi hori tarteko, Eusko Jaurlaritzak deialdi bat antolatu du biharko, larunbata, ‘Ez zen justua izan. Gizartea eta biktimak, elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz’ lemapean.

Euskal enpresariak Ekitaldira joango gara, orain dela lau hilabete ere ETAren biktima izandako euskal enpresarien alde Bilboko Euskalduna Jauregian eskaini genuen mezu berarekin: “zertarako hainbeste sufrimendu, hainbeste min, hainbeste absentzia eta hutsune? Gizarte kohesionatu bat finkatzeko aukera daukagu, bakean. Baina ezin dugu ahaztu, ez dugu ahaztu behar. Nahi dugu euskal gizarteak jakitea zer gertatu zen eta nola bizi genuen. Bidezkoa da”. Zoritxarrez terrorismoaren ondorioak lehen pertsonan bizi izan dituzten pertsona eta senide guztienganako elkartasunagatik ere joango gara.

Horregatik, ez dut ulertzen zergatik EH Bildu ez den biharko deialdira joango. Eta are ulergaitzagoa gertatzen zait esplikatzeko esaten dutenean lema ‘ez dela inklusiboa’. Lemaren zein zatirekin ez daude ados? ’Ez zela justua izan’ dioenarekin? ‘Gizartea eta biktimak, elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz’ dioenarekin? Zergatik da hain zaila EH Bildurentzat –zentzurik komunenean oinarrituta– hain ukaezin den zerbait onartzea?

Benetan, uste dut EH Bilduk ezin duela ‘bizikidetzarako espazioak’ eraikitzeko beharra aipatu eta, aldi berean, biktimen memoriaren eta errekonozimenduaren gainetik pasatzen diren erabakiak hartu. Ezker abertzaleak hartu berri dituen hainbat erabakik, jakina, arbuio sakona eragiten digute guri, ETAren terrorismoak gehien zigortu zituen kolektiboetako bat izanik, eta euskal gizartearen gehiengoari: ETAko presoen omenaldiak ez baztertzea, edo biharkoa bezalako ekitaldietara EZ joatea.

Askotan esan izan dugu: garai berri hauetan –eta egiazki bizikidetzako espazioak” eraikitzearen alde badaude– uste dugu EH Bilduk jarrera askoz argiagoak hartu behar dituela. Ez dago ñabarduratarako tokirik. Euskal gizarte osoak jada ez du besterik onartzea.