“Konpromisoa berresten dugu herrialderako agenda bat, elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa garatzeko”

  • Confebaskeko lehendakari Eduardo Zubiaurreren adierazpenak, Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren aurtengo lan agendaren aurkezpenean
MDS

Confebaskeko ordezkaritza, bileraren hasieran (Argazkia, Irekia)

2021-01-27

Gaur goizean, Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren (ESM) 2021eko lan agendaren aurkezpenean, Euskal Enpresarien Konfederazioko lehendakari Eduardo Zubiaurrek nabarmendu duenez, “elkarrizketaren eta hitzarmen sozialaren aldeko apustua Confebasken ardatz estrategikoa izan da eta da. Horregatik, berretsi egiten dugu herrialderako agenda bat, negoziazioa eta akordioa garatzeko konpromisoa. Izan ere, enpresarik gabe ez dago aurrerabiderik ez gizarte kohesiorik. Eta zeregina gure gain hartzen lehenak gara: inbertsioaren, gure ekoizpen sarea modernizatzearen, enpleguaren, pertsonen, garapen jasangarriaren eta krisitik elkarrekin ateratzearen alde”.

Lan plan horren barruan, Confebaskeko lehendakariak aurreikusita dauden hiru jarduera azpimarratu nahi izan ditu bereziki: “4.0 Industriarako trantsizio justu baterako Itun Soziala sinatzea –oso aurreratuta dago–; lanbide heziketako eredu propio bat sortzea, enpleguari begira; eta krisian dauden sektoreetako pertsonak birkualifikatzeko eta birkokatzeko proiektu zehatz bat –estrategikoa dela uste baitugu–, aurki jarriko dena martxan, proiektu pilotu baten bitartez. Jarduera zehatzak dira, interes partikularren gainetik dauden herrialdeko politika eta erronkei ekiteko.

Ildo horretan, Eduardo Zubiaurrek nabarmendu du “agenda anbiziotsua dela  bere helburuetan, eta irismen luzekoa epeei dagokienez. Izan ere, herrialdearen trantsizio berritzaileez ari gara, enplegua, prestakuntza, 4.0 industria, laneko osasuna, berdintasuna eta politika sozialak bezalako esparruetan”.

Euskadiko enpresa erakundeek zerbait argi badugu –jarraitu du–, hori da gure gaur egungo garapen eta ongizate eredua bermatzeko modu bakarra enpresa lehiakorrak edukitzea dela, egunerokoak dakarzkigun desafioei aurre egiten jakingo dutenak. Uste dugu ESM tresna baliagarria dela helburu horiek lortzeko. Eta guk gure ekarpenak eginez lagunduko dugu”.