- Tamara Yagueren adierazpenak, Confebaskek antolatzen duen Euskal Enpresa eta LH Ekitaldiaren 32.edizioan; estatuan egiten den horrelako bakarra da.
- Azken 32 urte hauetan, Confebaskek laguntza eman du ia 300.000 euskal gazteri prestakuntza praktikoa emateko, urtean 11.000 enpresa baino gehiagotan, batez beste.
- Ekitaldira LHan titulatu berri diren 500 gazte inguru bildu dira, eta dagozkien diplomak eman zaizkie.
- Aipamen berezia egin zaie atzerriko enpresetan praktikak eginez titulua lortu duten Lanbide Heziketako ikasleei, Confebaskek kudeatzen duen Erasmus+ programari esker egin dituztelarik praktika horiek, Hezkuntza Sailaren, SEPIEren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Azken urteotan Lanbide Heziketako 2.500 gaztek baino gehiagok egin dituzte horrelako praktikak Confebaskekin.
- Ekitaldian izan dira, halaber, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosa, LHko sailburuorde Jon Labaka eta Saileko beste kargu batzuk.
Confebask eta Hezkuntza sailburua eskenatokian, enpreseei eta instruktoreei sariak eman eta gero (argazkia Olga Ruiz, Confebask)
2025-11-19
“Lanbide heziketa dualaren euskal eredua gure lehiakortasuna hobetzeko bide bikaina da, baita talentu gaztea arrakastaz txertatzeko ere. Hemendik, formazio eredu horren garapenarekin eta hobekuntzarekin are gehiago inplikatzera animatzen ditut euskal enpresak”.
Horrela mintzatu zaie gaur goizean Tamara Yague Confebaskeko presidentea Euskal LH&Enpresa urteko ohiko ekitaldira joan diren ia 600 ikasle, graduatu, ikastetxe, zuzendari eta erakundeetako ordezkariei, Bilboko Euskalduna Jauregian.
Ekitaldian Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua izan da, eta Tamara Yague Confebaskeko presidenteak gogorarazi dio “Confebasken aliatu estrategiko bat” duela, “oro har, gure gazteen heziketa eta, bereziki, gure lanbide heziketa hobetzen jarraitzeko”.
“Gaur, enpresen, erakundeen eta hezkuntza sistema osoaren inplikazioari esker, estatuan zein Europar Batasunean bertan dagoeneko erreferente den eredu bat finkatu dugu. Proiektu partekatuaren, lankidetzaren eta konfiantzaren etsenplu gara”.
“Arrakasta kolektibo batez ari gara: enpresen, Eusko Jaurlaritzarena eta ikastetxeen arrakastaz, izan ere, ekitaldi honekin, urtez urte, gure gizartearen garapenean emandako pauso bat gehiago sinbolizatzen dugu, kualifikazio handiko eta egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatuta dauden gazteen formazioarekin”.
Euskal enpresaren konpromisoa
Puntu horretan gogorarazi duenez, “hamarkada batzuetatik hona, Euskadin, estatuko gainerako herrialdeetan orain arte ez bezala, LH dualak beti izan du enpresaren konturako ordainsari bat, euskal enpresak bere gazteen prestakuntzarekin eta enplegagarritasunarekin duen konpromisoaren adibide”.
Gazteak
Eta Euskaldunan zeuden gazteei zuzenduta, Tamara Yaguek gogorarazi die “euskal enpresen enplegu eskaintza gehienen profila –erdiak baino gehiago– Lanbide Heziketarekin lotuta dagoela, “oinarrizko mailakoa, erdi mailakoa zein goi mailakoa izan. Beraz, ez izan zalantzarik, egon behar duzuen lekuan zaudete: punta-puntakoa den eta eskaera handia duen formazio batean graduatu zarete”.
Enpresak
Enpresen eginkizunaz hitz egitean, Tamara Yaguek gogorarazi duenez, guztira, “azken 30 urtean, eta epe horretan izan diren eredu guztiak barne hartuta, Confebaskek 300.000 euskal gazteri baino gehiagori prestakuntza praktikoa ematen lagundu du, urtean 11.000 enpresatan baino gehiagotan, batez beste”.
Mugikortasun bekak eta euskara
Hitzaldian, aipamen berezia merezi izan du, halaber, nazioarteko mugikortasunak, Erasmus+ Europako programaren babespean. “Horri esker, eta Hezkuntza Sailaren, SEPIEren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, Lanbide Heziketako ehunka ikasle urtero atzerriko enpresetan praktikak egitera bidaltzea lortzen dugu. Azken urteotan ia 2.500 gaztek egin dute hori gurekin”.
Gainerakoan, Tamara Yaguek ez du amaitu nahi izan Euskadiko Lanbide Heziketan euskarak duen presentzia gero eta handiagoa aipatu gabe.
Aitortzak
Horrez gain, Confebaskek antolatutako LH&Enpresa ekitaldian, urtero bezala, Eduardo Aretxaga zuzendari nagusiak Euskal Enpresen Konfederazioak enpresei eta prestatzaileei egiten dizkien ohiko aitortzak jakinarazi ditu, “prestakuntzaren jardunean gehien nabarmendu direnen lana aitortzeko”.
Sariak banatzen direla 26 urte dira dagoeneko, eta, horiek aukeratzeko, Eduardo Aretxagak gogoratu duenez, “Lanbide Heziketako ikastetxeen beraien balorazioak hartu dira kontuan”.
Oraingoan, enpresen atalean, errekonozimendua jaso dutenak izan dira BI-BAT TAILERRAK, SEA Empresas Alavesasek proposatuta; BILBAO TRUCK, Cebekek proposatuta; eta VIRALGEN, Adegik proposatuta.
Prestatzaileei dagokienez, Confebaskek ALTELeko ITALO BERTOLINI (Araba), ZUBIMAR AUTOko IÑAKI MENDIOLAGARAI (Bizkaia), eta MECANIZADOS HARRI enpresako AMAIA MARTIN (Gipuzkoa) aitortu ditu.
Diplomak
Azkenik, Confebaskek diplomak banatu dizkie Bilboko Euskaldunan urtero Euskadin lanbide heziketako titulu bat lortu dutenen ordezkari gisa bildutako 500 gazte ingururi.
Bilboko Euskalduna izan da LH&Enpresa urteko galaren agertokia, Confebaskek 32. urtez jarraian antolatuta, Adegi, Cebek eta Sea elkarte kideekin lankidetzan, estatu osoan horrelako ezaugarriekin egiten den ekitaldi bakarra izanik.
------------------------------
CONFEBASKI BURUZ
1983an lurraldeetako erakunde kideek sortua –Adegi (Gipuzkoa), Cebek (Bizkaia) eta SEA Empresas Alavesas (Araba)–, Confebask Euskadiko sektore arteko Enpresa Erakunde adierazgarriena da, tamaina eta sektore guztietako enpresak dituelako, eta, beraz, instituzio autonomiko, erakunde sindikal, komunikabide eta, oro har, euskal gizartearen aurrean enpresen erreferentziazko solaskidea da.
Euskal enpresak sortzen duen aberastasuna Euskadiko BPGaren %70 inguru da, lana duten pertsona guztien %70i ematen die enplegua, %85 kontratu mugagabearekin, eta estatuko batez besteko soldatarik altuenak ordaintzen dizkie, Madrilekin batera.
Gainera, ordaintzen diren zergekin, Eusko Jaurlaritzaren gastu sozialaren %94aren parekoa ordaintzen laguntzen dute urtero, 12.000 milioi euro inguru. Euskal enpresak 7.600 milioirekin laguntzen du langileen pentsioetarako eta langabezia asegururako.



