Euskadiko BPGd-aren % 70 inguru bertako enpresek sortzen dute. PwC etxeak ConfeBaskentzat egindako «Euskal enpresek Euskadiren aurrerabideari eta gizarte-ongizateari egiten dioten ekarpena» txostenean jakitera eman den datuetako bat da hori. Euskadiko enpresek lurraldearen garapen ekonomikoarekin eta gizarte-ongizatearekin duten etengabeko konpromisoa azpimarratzen du dokumentuak.
Euskadik posizio nabarmena du munduko testuinguru sozioekonomikoan, eta azken urteetan bilakaera positiboari eutsi dio; magnitude ekonomiko nagusiek —BPGd-ak eta enpleguak, esaterako— gora egin dute.
Bertako enpresak dira Euskadiren garapen ekonomikoaren eragileak, baina aberastasuna eta enplegua sortzetik haratago doa haien eragina. Jardueraren bidez, gizarte-ongizatea sustatzen dute enpresok, eta baita Euskadi berritzaileagoa, jasangarriagoa eta inklusiboagoa izatea ere, datu hauek agerian uzten dutenez:

Euskadiko enpresek bertako gastu sozial osoaren % 94 ordaintzen laguntzen dute.
PwC etxeak txostenean jaso duen datua argia da. Gizarte Segurantzari egiten zaion ekarpena alde batera utzita, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-ehunak 12.000 milioi euro inguruko ekarpena egiten die —zuzenean edo zeharka— foru-ogasunei urtero; hau da, Eusko Jaurlaritzak osasungintzan, hezkuntzan, enpleguan eta gizarte-zerbitzuetan duen gastu-aurrekontuaren % 94koa.
Izan ere, ordaindutako zergak gizartera itzultzen dira, zerbitzu publikoetara: ospitaleetara, ikastetxeetara, azpiegituretara, diru-sarrerak bermatzeko errentara, gizarte-zerbitzuetara eta abarrera. Eta Euskadiko enpresak harro daude zergak ordaintzeaz.
Unibertsitateetako eta lanbide-heziketako milaka ikaslek prestakuntza praktikoa jasotzen dute Euskadiko enpresetan.
Euskadiko enpresek konpromiso sendoa dute gazteen enpleguarekin, eta enpresetako prestakuntza- eta praktika-programak bultzatzen dituzte. Gaur egun, lanbide-heziketako eta unibertsitateetako milaka ikaslek enpresetan egiten dituzte praktikak urtero.
Prestakuntza praktikoaren aldeko apustu horri esker, Euskadi liderra da Estatuan praktiketako eta prestakuntza dualeko programetan, bai LHko ikasketetan eta bai unibertsitatekoetan. Etengabeko ahalegin horri esker, gazteen langabezia % 22 txikitu da azken hamarkadan, eta, ondorioz, Estatukoaren azpitik dago.

Gure aberastasunaren 3 eurotik 2 Euskadiko enpresek sortzen dituzte.

Euskadiko enpresa-ehunak bertako BPGd-aren % 70 inguru osatzen du, askotariko sektoreen bultzadari esker: industria, eraikuntza, enpresa-zerbitzuak, aholkularitza-zerbitzuak eta enpresa handi, ertain eta txikien sare zabala.
Enpreson eragina ekonomiaren esparrutik haratago doa, enplegu-sorreraren, berrikuntzaren, gizarte- zein lurralde-kohesioaren eta ongizatearen funtsezko eragile baitira Euskadiko herritarrentzat.
Euskadiko langileen % 83k positiboki baloratzen ditu bere lan-baldintzak.
Beren lan-baldintzen inguruan iritzi ona adierazi duten langileen ehunekoak gora egin du azken urteetan. Eskuragarri dagoen azken datua 2020koa da, eta, horren arabera, Euskadiko langileen % 83k positiboki baloratzen ditu bere lan-baldintzak. Zazpi urte lehenagoko datuarekin alderatuta, 10 puntu handitu da ehunekoa. Hori ez da enplegu-kontua soilik, egonkortasunaren eta etorkizunaren adierazgarri ere bada milaka euskal familientzat.

Euskadiko langileen % 70ek bertako enpresetan aurkitzen du lana.
Euskadiko enpresak lurraldeko enplegatzaile nagusiak dira, 10 lanpostutik 7 haiei baitagokie, eta nagusitasun-posizio hori sendotu egin dute. Industriaren sektoreak 10 lanpostutik ia 3 sortzen ditu.
Euskadiko enpresak lehenak dira Estatuan I+G arloko per capita inbertsioan, Europar Batasuneko batez bestekoa ere gaindituz.
2024an, enpresen I+G arloko per capita inbertsioa 711 eurokoa izan zen Euskadin. Zifra horrek argi eta garbi erakusten du Euskadiko enpresa-ehunak berrikuntzarekin duen konpromiso sendoa, lehiakortasun-eragile delakoan.
Apustu horri esker, Estatuko autonomia-erkidegoen artean Euskadi lehen tokian dago I+G arloko inbertsioan —gainerako autonomia-erkidegoena baino 2,7 aldiz handiagoa da—, eta aise gainditzen du Europar Batasuneko batez bestekoa ere —1,3 aldiz handiagoa da—.

Euskadiko enpresa-ehunak bertako 10 langiletik 7 hartzen ditu, baldintza egonkor eta lehiakorretan.

Gainera, enpleguaren kalitatea Espainiako handiena da. Langileen % 85ek lan-kontratu mugagabea du, eta % 80k arduraldi osoan dihardu. Soldatei dagokienez, Estatuko handienak dira, eta lanaldia, berriz, laburrena.
"Euskadiko enpresek Euskadiren aurrerabideari eta gizarte-ongizateari egiten dioten ekarpena" txostena xehetasunez irakurri nahi baduzu, egin klik hemen irakurtzen jarraitzeko.