- 2026ak arrisku urtea izaten jarraituko du, eta, horien bilakaeraren arabera, azkenean hazkundea %1,7 eta %2,6 artean koka daiteke. (IKUSI HEMEN TXOSTENA)
- ENPLEGUARI dagokionez, aurreikuspenak betez gero, langabezia tasa %6,0 izatea eta Gizarte Segurantzan 10.000 afiliatu gehiago izatea espero da, okupazioaren beste errekor batekin.
- Enpresa gehienek egonkor ikusten dute MERKATUA, SALMENTEN bilakaera oraingoaren antzekoa izanik, eta inbertsioa ere aurtengoaren antzekoa.
- Aurreko KEZKAK errepikatzen dira, hau da, lan kostuak, absentismoa (kezka gero eta handiagoa da), pertsonak aurkitzeko zailtasunak eta, lehen postuetan kokatuta, muga zergen inpaktua.
- Gainerakoan, EAEko ekonomiak %2,2ko hazkundearekin itxiko du 2025a, duela urtebete aurreikusi (%1,8) baino zifra handiagoarekin, kontsumo pribatuak eta inbertsioak portaera hobea izan dutelako.
Confebaskeko lehendakaria, Tamara Yagüe, Eduardo Aretxaga eta Pablo Martín alboan daudela (Argazkia Confebask)
2025-12-18
2026 BPGa eta enplegua
Confebaskek %2,1eko hazkundea aurreikusten du euskal ekonomian 2026rako, baina aurreikuspena zenbait arriskuren mende dago, eta horien bilakaerak markatuko du azkenean hazkundea, %1,7 eta %2,6 arteko urkila batean. Nolanahi ere, aurreikusita dago euskal ekonomiaren hazkundea Espainiako ekonomiarena baino pixka bat beherago egotea, baina argi eta garbi eurogunekoaren gainetik.
Sektoreka, 2026an, industria izango da berriro dinamikarik txikiena izango duena, 2025arekin alderatuta hobera egingo badu ere, betiere Alemania eta Italia bezalako herrialdeetan susperraldia berresten bada. Inbertsioari dagokionez, antzera mantenduko da, baina maila baxuagoetan, Europako funtsak amaitu direlako. Kanpo sektoreari erreparatuta, 2026an berriro ere ekarpen negatiboa izango du, baina aurtengo zifra hobetuta.
Enpleguari dagokionez, Confebaskek 2026rako aurreikusten du enpleguaren sorrera aurreko ekitaldietan baino moderatuagoa izatea, Gizarte Segurantzako 10.000 afiliatu berri ingururekin; beraz, laugarren urtez jarraian, enpleguan errekor berria lortuko da.
Horrenbestez, eta aurreikuspen horiek betez gero, 2026ko amaierarako langabezia tasa %6,0ra jaitsiko da Euskadin, 2025eko amaierarako aurreikusitakoa baino puntu erdi bat beherago, eta Europako batezbestekoaren antzera.
Euskal enpresaren kezkak eta erronkak
Datorren urteari begira euskal enpresak dituen kezka nagusiei dagokienez, eta gure erakundeek –Adegi, Cebek eta Sea– aldiro egiten dituzten inkesten arabera, zenbait arazo mantentzen dira, hala nola absentismoa (gehien hazten den kezka faktorea), langile kualifikatuak aurkitzeko zailtasuna, lan kostuen hazkundea, salmenten errentagarritasunaren jaitsiera eta nazioarteko eta merkataritzako tentsio geopolitikoa.
Hain zuzen ere, 2026rako enpresek dituzten erronken artean nabarmentzen dira agertoki komertzial berria kudeatzea, enpresaren jasangarritasun ekonomikoa ziurtatzeko, eta, arrisku handiak dituen panorama baten erdian, inbertsio estrategikoak mantentzea, abian diren funtsezko trantsizioetan atzean ez geratzeko.
Gainerakoan, elkarrizketa eta itun soziala elementu nagusi dira oraindik ere enpresentzat, eta, horrekin batera, gure enpresen eraldaketa kulturalean laguntzea, ikuspegia izanik enpresa proiektua proiektu partekatu bat dela, non guztiek ekarpenak egiten dituzten eta guztiek etekina ateratzen duten.
2025 BPGa eta enplegua
2025ari dagokionez, Confebaskek kalkulatu du urtearen amaieran Euskadiren hazkundea % 2,2 izango dela, duela urtebete aurreikusitakoa (% 1,8) baino zifra handiagoa, horren arrazoia izanik kontsumo pribatuak zein inbertsioak portaera hobea izan dutela. Merkatu zerbitzuak eta eraikuntza ere uste baino hobeto joan dira, eta industria, ordea, espero baino gutxiago hazi da.
Hala eta guztiz ere, euskal ekonomiak enplegua sortzen jarraitzen du, eta okupazioan errekorra egin du, milioi bat kotizatzaile baino gehiagorekin. Gizarte Segurantzan 13.000 afiliatu gehiago daudela itxiko dugu urtea, eta langabezia jaitsi egin da (% 6,5era arte) bosgarren urtez jarraian.
Erronkak
Azkenik, Tamara Yague Confebaskeko presidenteak, Eduardo Aretxaga zuzendari nagusiak eta Pablo Martin ekonomiako arduradunak gogorarazi dutenez, “2026an arrisku elementu batzuk mantentzen dira, eta horien artean nabarmentzen dira, besteak beste, bloke ekonomiko handien merkataritza politiken inpaktua, krisi belikoen bilakaera eta energian eta merkataritzan duten eragina, inflazioaren eta interes tasen bilakaera, Europako industriaren bilakaera, eta Europako ziurgabetasun politikoa”.
Euskal enpresek eta gizarteak dituzten erronkei dagokienez, Tamara Yaguek nabarmendu du “elkarrizketan eta itun sozialean oinarritzeko beharra, lan giroa hobetzeko; eta, jakina, gaixotasun arrunteko bajen ondoriozko absentismoa murriztea, kezka nagusietako bat bihurtu baita guretzat”.
“Azken batean, lankidetza publiko-pribatua, egonkortasun politikoa eta hazkunde eta lehiakortasun industriala bermatzeko anbizio handiko politikak abiaraztea funtsezkoak izango dira aurreikusten den urte zail eta zalantzazko bati aurre egiteko”.
Tamara Yaguek, bere hitzaldia amaitzeko, “euskal enpresak ongizate kolektiboari egiten dion ekarpenaren balioa” nabarmendu du, “egiten ditugun inbertsioen, sortzen dugun enpleguaren eta ordaintzen ditugun zergen bidez. Oso harro sentitzen gara euskal gizarteari egiten diogun ekarpenagatik”.
-------------------------------
CONFEBASKI BURUZ
1983an lurraldeetako erakunde kideek sortua –Adegi (Gipuzkoa), Cebek (Bizkaia) eta SEA Empresas Alavesas (Araba)–, Confebask Euskadiko sektore arteko Enpresa Erakunde adierazgarriena da, tamaina eta sektore guztietako enpresak dituelako, eta, beraz, instituzio autonomiko, erakunde sindikal, komunikabide eta, oro har, euskal gizartearen aurrean enpresen erreferentziazko solaskidea da.
Euskal enpresak sortzen duen aberastasuna Euskadiko BPGaren %70 inguru da, lana duten pertsona guztien %70i ematen die enplegua, %85 kontratu mugagabearekin, eta estatuko batez besteko soldatarik altuenak ordaintzen dizkie, Madrilekin batera.
Gainera, ordaintzen diren zergekin, Eusko Jaurlaritzaren gastu sozialaren %94aren parekoa ordaintzen laguntzen dute urtero, 12.000 milioi euro inguru. Euskal enpresak 7.600 milioirekin laguntzen du langileen pentsioetarako eta langabezia asegururako.



