500 inguru jaitsi da enpresen kopurua Euskadin, aspaldiko ekainetako bigarren zifrarik txarrena

  • Confebasken txostena, ekainean Gizarte Segurantzan erregistratutako enpresen datuak biltzen dituena (Ikus newsletterra hemen)
Confebask

2023-07-11

Confebasken azken nesletterrean (ikus hemen) zehazten den bezala, EAEko enpresen kopurua ia 500 (-498) jaitsi zen ekainean, hau da, aspaldiko ekainetako bigarren zifrarik txarrena. Guztira, joan den hilabetean 57.567 enpresa zeuden erregistratuta Euskadin.

Iazko hilabete berarekin alderatuta, 136 enpresa gutxiago daude Euskadin, hau da, -%0,2ko jaitsiera izan da. Pandemiaren aurretik zeudenekin alderatuta, gaur egun oraindik 1.326 enpresa gutxiago daude erregistratuta Euskadin (-%2,3), baina Covid garaian galdutako enpresen %37 berreskuratu dira.

Sektoreen arabera, eta pandemia aurreko etaparekin alderatuta, jaitsiera gogorrenak Industrian izaten jarraitzen dute (-%3,8 eta 253 enpresa gutxiago), eta, ondoren, Zerbitzuetan (-%2,5 eta 1.171 enpresa gutxiago); Eraikuntzan, berriz, gaur egun, orduan baino 96 enpresa gehiago daude erregistratuta, hau da, %1,9 gehiago.

Estatuarekin alderatuta, Euskadiko konpainia kopuruaren bilakaera ez da hain positiboa, bai zifrak Covid garaiaren aurretik zeudenekin alderatuz gero (Euskadin -%2,3 eta Estatuan +%0,5), bai azken hamabi hilabeteetan gertatutakoarekin alderatuz gero (Euskadin -%0,2 eta Estatuan +%0,3).

Autonomo kopuruari dagokionez, ekainean 22 pertsona gehiago egin ziren autonomo Euskadin, 2019az geroztik ekainerako zifrarik txikiena, urte arteko -%1,1eko jaitsierarekin. 2020ko otsailarekin alderatuta, 2.369 autonomo gutxiago daude, hau da, -%1,4 gutxiago. Guztira, ekainean batez beste 167.876 autonomo zeuden Euskadin.

Azkenik, eta konkurtsoan sartutako euskal enpresen kopuruaren inguruan, 2023ko lehen hiruhilekoan 38ra igo zen kopuru hori, alegia, 2022ko lehen hiruhilekoan baino -%34,5 gutxiago, eta horrenbestez, 2022an erregistratutako aldagai horren jaitsierek beren horretan jarraitu dute.