“Etorkizuneko erronkei arrakastaz aurre egiteko, gizartearen laguntza ere behar dugu”

Tamara Yagüe

Tamara Yagüe (argazkia, Confebask)

2025-12-04

“Bizitzea egokitu zaigun garai honetako erronka handiei erantzuteko gaitasuna dugu. Eta, berez, euskal enpresak inbertsio gehiagorekin eta enplegu gehiagorekin erreakzionatzen ari gara,.. guztiok ezagutzen ditugun zailtasunak gorabehera. Arrakastarako, ordea, laguntza behar dugu: instituzioena –dagoeneko badugu–, eta gizartearena –ez dugu hainbeste–.

“Batzuetan, enpresok Euskadiko erakunde sindikal batzuen –baita Estatuko erakunderen batena ere– aurkako giro nabarmena sumatzen dugu, eta, benetan, ez dut uste horrelakorik merezi dugunik”.

Tamara Yague Confebaskeko presidenteak gaur Europa Tribuna Euskadi Forumean egiten dituen adierazpenetako batzuk dira; bertan, unean uneko egoeraren errepasoa egin du, enpresa gisa egindako proposamen batzuk aletu ditu, Euskadiko bizi maila eta ongizate kolektiboa bermatzeko eta indartzeko, eta, azkenik, elkarrizketa eta enpresaren errekonozimendu sozialerako deia egin du, arrakasta lortzeko giltzarri moduan.

 

Enpresen proposamenak

Proposamenei dagokienez, Tamara Yaguek honako hauek aipatu ditu: “enpresaren errekonozimendu soziala lantzea, aurrerabidearen aldeko konpromiso kolektibo bati heltzea –erakundeak, enpresak eta gizartea–, eta inbertsioaren eta enpresa jardueraren aldeko lurralde emankor baten eraikuntza bultzatzea”.

Ildo horretan, Confebaskeko lehendakariak nabarmendu du garrantzitsua dela “gizarteak, oro har, konpromisoa hartzea herria aurrera ateratzeko behar diren lanaren eta ahaleginaren balioekin eta kulturarekin”.

“Enpresek gure aberastasunaren 3 eurotik 2 sortzen dituzte, estatu osoko baldintza eta soldatarik onenak dituzten 10 langiletik 7 enplegatzen dituzte, unibertsitateko eta Lanbide Heziketako milaka ikasleri prestakuntza praktiko ordaindua eskaintzen diete urtero, eta prestakuntza dualean aitzindariak dira. Estatuko eta Europako batezbestekoa baino inbertsioa handiagoa egiten dute per capita I+Gan, eta Euskadiko gastu sozial osoaren %94ren pareko zifrarekin laguntzen dute –beren jarduerarekin, enpleguarekin, zergekin eta sortzen duten kontsumoarekin–.

“Hau –gogorarazi du Tamara Yaguek– enpresek euskal gizarte osoari ‘ordaintzeko’ erabiltzen duten ‘dibidendu sozial’ partikularra da, eta hori dibulgatzea garrantzitsua iruditzen zaigu, enpresa proiektu estrategikoak errotzen laguntzeko, eta gaur egun gainbehera datozen enpresa bokazioak handitzeko”. 

 -----------------------------

CONFEBASKI BURUZ

1983an lurraldeetako erakunde kideek sortua –Adegi (Gipuzkoa), Cebek (Bizkaia) eta SEA Empresas Alavesas (Araba)–, Confebask Euskadiko sektore arteko Enpresa Erakunde adierazgarriena da, tamaina eta sektore guztietako enpresak dituelako, eta, beraz, instituzio autonomiko, erakunde sindikal, komunikabide eta, oro har, euskal gizartearen aurrean enpresen erreferentziazko solaskidea da.

Euskal enpresak sortzen duen aberastasuna Euskadiko BPGaren %70 inguru da, lana duten pertsona guztien %70i ematen die enplegua, %85 kontratu mugagabearekin, eta estatuko batez besteko soldatarik altuenak ordaintzen dizkie, Madrilekin batera.

Gainera, ordaintzen diren zergekin, Eusko Jaurlaritzaren gastu sozialaren %94aren parekoa ordaintzen laguntzen dute urtero, 12.000 milioi euro inguru. Euskal enpresak 7.600 milioirekin laguntzen du langileen pentsioetarako eta langabezia asegururako.