Confebaskek 2023rako aurreikusten du Euskadin BPGa %1,5 igoko dela eta enplegu gehiago sortuko dela, baina hazkundearen erritmoa motelduko dela azaldu du

  • Hazkundearen aurreikuspena ziurgabetasun eta arrisku askoren eta handien artean kokatzen da, eta, horiek nola eboluzionatzen duten, azken hazkundea %0 eta %2,5 artekoa izan daiteke.
  • Enpleguari dagokionez, aurreikuspenak betez gero, langabezia tasa %7 izatea eta Gizarte Segurantzan 10.000 afiliatu gehiago izatea espero da, milioi bat kotizatzaileren kopurua gaindituta, Euskadiko enpleguaren maximo historiko bat ekarriko lukeena.
  • 2023rako enpresa aurreikuspenek datozen hilabeteetan hazkunde ekonomikoaren erritmoa motelduko dela aurreratu dute. Kostuen hazkunde handiari eta errentagarritasunaren murrizketari buruzko kezka nabarmen hazi da, eta, hala eta guztiz ere, enpresa gehienek enplegua mantentzearen alde egiten dute.
  • Euskal ekonomiak %4,2ko igoerarekin itxiko du 2022, Confebaskek duela urtebete aurreikusitakoaren beheko tartean, bigarren seihilekoko hazkundea ia laua izan baita.
Confebask

Ezkerretik eskumera, Eduardo Aretxaga, Isabel Busto eta Pablo Martin (Argazkia, Manu de Alba Confebaskerako)

2022-12-23

 

2023 BPGa eta enplegua

 Confebaskek %1,5 inguruko hazkundea aurreikusten du euskal ekonomian datorren urterako, baina aurreikuspena ziurgabetasun eta arrisku handi ugari eta garrantzitsuen artean kokatuta, eta horien bilakaerak markatuko du azkenean hazkundea, %0 eta %2,5 arteko tartean egon litekeena.

Nolanahi ere, euskal ekonomiaren dezelerazioak 2023an jarraituko du, nahiz eta euskal ekonomiaren hazkundea Europakoa eta Espainiakoa baino handiagoa izango den.

Sektoreka, 2023an, denek motelduko dute hazkundea. Hazkunderik handiena merkatuko zerbitzuen sektorean izango da, eta, ondoren, eraikuntzan. Industriari dagokionez, horrek izango du hazkunderik ahulena, izan ere, atzerrira gehien irekita dagoen sektorea izanik, munduko eta Europako ekonomiaren ahulezia eta energiaren faktura – Europakoak ez diren herrialdeetan baino handiagoa – jasan beharko ditu, eta horrek zaildu egingo du Europakoak ez diren merkatuetan lehiatzea.

Enpleguari dagokionez, Confebaskek espero du 2023an antzeko joera izatea. Izan ere, aurreikuspenen arabera 10.000 afiliatu berri irabazi ahal izango diren arren, milioi bat kotizatzaile baino gehiago izateraino, enplegua sortzeko erritmoak behera egingo du aurten izandakoarekin alderatuta.  

Edonola ere, eta aurreikuspen horiek betez gero, langabezia tasa %7ra jaitsiko da Euskadin, 2022 amaierarako aurreikusitako langabezia tasa baino puntu bat beherago eta Europako batez besteko tasaren antzera.

 

Euskal enpresaren perspektibak, kezkak eta eskakizunak

Euskal enpresek datorren urterako espero dutenari dagokionez, eta gure erakundeek – Adegi, Cebek eta Sea – aldizka egiten dituzten inkesten arabera, haien erantzunek aurreratzen dute hazkunde ekonomikoaren erritmoa motelduko dela, 2022an baino eskaera zorro ahulagoarekin.

Halaber, inkesta horien beraien arabera, euskal enpresetan nabarmen hazi da lan kostuen eta lehengaien hazkunde handiaren eta errentagarritasuna murriztearen inguruko kezka.

Ildo horretan, egungo egoera delikatua arintzeko neurriak planteatzen dituzte, hala nola energia kostuetarako hobariak ematea, edo trantsizio digitalerako eta energetikorako programak eta laguntzak indartzea eta bizkortzea, Europako Funtsak barne.

 

2022 BPGa eta enplegua

2022 honi dagokionez, Confebaskek uste du Euskadi %4,2 haziko dela, zifra handia, baina duela urtebete aurreikusitakoaren beheko tartean, batez ere Ukrainako gerrak sortutako egoeraren ondorioz, aurreikusitako hazkunde indartsuko agertoki batetik gero eta zailtasun handiagoak dituen batera bilakarazi baitu egoera. Ondorioak garrantzitsuak dira: energia krisia, inflazio handia, eta hazkunde txikiagoa Europan zein munduan.

Dena dela ere, aurten Euskadik Gizarte Segurantzan 15.000 afiliatu gehiago dituela itxiko du ekitaldia, milioi bat ingurura hurbilduta (993.255, azaroko datuekin), eta %8ko langabezia tasa.

Sektoreka, 2022an merkatuko zerbitzuen hazkundea nabarmendu da, pandemiak gehien kaltetutakoen behin betiko deseskalatzeari esker: turismoa, ostalaritza eta aisialdia.

Industria erritmo onean hazi da urtearen zati handi batean, baina kostuen aurrekaririk gabeko igoera nozitzen ari da. Azkenik, eraikuntza da berriz ere gutxien hazten den sektorea, gehiegizko kostuen arazoengatik, horien eraginez lizitazio publikoko proiektuak gelditu direlako, eta eskulan faltaren arazoekin.

Esportazioei dagokienez, EAEko kanpo sektoreak pandemia aurreko mailak berreskuratu ditu, baina merkataritza superabita %35 murriztu da urrira arte, energiaren faktura handiagatik.

 

Erronkak eta desafioak

Azkenik, prentsaurrekoan Confebaskeko lehendakari Isabel Bustok, zuzendari nagusi Eduardo Aretxagak eta ekonomiako arduradun Pablo Martinek gogorarazi dutenez, 2023a oso urte exijentea izango da, batez ere lehen seihilekoan, eta ez da ziurgabetasunik faltako, eta erronka eta desafio handiak agertuko dira aurrean”.

Horien artean, aipatu dutenez, “enpresen lehiakortasuna eta jasangarritasuna ziurtatzeko kudeaketa efizientea beharko da, kostuek (energia, soldatak eta hornidurak) eta marjina txikiek presio handia egingo duten testuinguru batean. Gainera, uztartu egin beharko dira enpresetan aurreikusten den errentagarritasun txikia eta abian dauden trantsizioen aldeko beharrezko aurrerapenak”.

Gainera, Isabel Busto Confebaskeko lehendakariak gaineratu duenez, nazioartean ezaguna den guztiari “gehitzen zaio estatuan oso giro politiko nahasia dagoela, eta horrek ez du laguntzen ingurune lasai eta aurreikusgarri bat sortzen, beharrezkoa enpresen inbertsioetarako. Gauzak horrela, enpresan akordioak bilatzea erronka saihestezina izango da, eta hori, bide batez, Euskadin dagoeneko egiten ari da”.

Ildo horretan, Isabel Bustok gogorarazi nahi izan du “azken urte honetan soilik, gure erakunde kideek – Adegi, Cebek eta Seahamabost bat akordio sektorial lortu dituztela sindikatuekin. Ondorioz, 2022an 25 hitzarmen ditugu indar betean, Euskadiko milaka enpresari eta dozenaka mila langileri estaldura emateko, beste hamalau mahai sektorial gehiagotan negoziatzen jarraitzen dugula ahaztu gabe. Beraz, ez da egia Euskadin negoziazio kolektiboa blokeatuta dagoenik. Akordiotara iristen ari gara”.

"Horregatik, hain zuzen – amaitu du –, ongizate kolektiboari egiten diogun ekarpena aldarrikatuz amaitu nahi nuke, sortzen ditugun inbertsioen eta enpleguaren eta ordaintzen ditugun zergen bidez.  Gu harro gaude guztion ongizateari egiten diogun ekarpenaz”.

ISABEL BUSTOREN DISKURTSOA HEMEN