Euskadik duela urtebete baino enpresa gutxiagorekin eta autonomo gutxiagorekin itxi du 2022a, eta pandemia aurreko kopurua oraindik berreskuratu gabe

  • Confebasken txostena Gizarte Segurantzan izena eman duten euskal enpresen kopuruaren bilakaerari buruz, abenduko datuekin
Confebask

2023-01-16

Gizarte Segurantzan izena emanda dauden euskal enpresak 57.820 ziren abenduan, hau da, azaroan baino 49 gehiago, baina duela urtebete baino 325 gutxiago (-%0,6). 2022ko itxierako datu hori ez doa 2021ean izan zen hazkundearen ildoan.

Pandemia hasi aurreko zifrei dagokienez (2020ko otsaila), 1.073 enpresa gutxiago daude (-%1,8), eta gaixotasunaren okerrenean galdu zirenen erdia baino gutxiago berreskuratu dira (%49).

Sektoreka, eraikuntzak jarraitzen du zifrarik onenak ematen. Izan ere, 2022an, gora egin zuen eraikuntzako enpresen kopuruak, eta behera, berriz, industriakoak eta zerbitzuetakoak. Joera hori mantentzen da, halaber, zifrak pandemiaren aurretik zeudenekin alderatzen badira: 2020ko otsailarekin alderatuta, beherakadarik handienak Industrian izan dira (-%3,2 eta 209 enpresa gutxiago), gero Zerbitzuetan (-%1,7 eta 765 enpresa gutxiago), eta Eraikuntzan, berriz, enpresa bat gutxiago erregistratu da 2020ko otsailean baino.

2022an enpresa kopuruaren murrizketa Euskadin eta estatuan gertatu da, baina Euskadin nabarmenago (-%0,6 vs. -%0,2). Eta abenduko datuak pandemia aurreko mailarekin alderatuz gero (2020ko otsaila), ikus daiteke Euskadin enpresa kopuruak behera egin duen bitartean (-%1,8), estatuan igoera txiki bat konputatu dela (+%0,4).

Autonomoen kopuruari dagokionez, 2022an 684 pertsona gutxiago ziren Euskadin, eta 2021ean, berriz, 61 pertsona gehiago izan ziren. Kopuru osoa 168.995 da, 2021eko itxieran baino -%0,4 gutxiago.

Azkenik, 2022ko hirugarren hiruhilekoan 87 euskal enpresa sartu ziren konkurtsoan, 2021eko hiruhileko berdinean baino %85 gehiago, urte batean gertatu den lehen igoera izanik. Nolanahi ere, 2022ko lehen bederatzi hilabeteetan, 2021eko aldi berdinarekin alderatuta, konkurtsoan dauden enpresen kopurua egonkor mantentzen da, konkurtso prozeduran dauden 202 enpresarekin.