Euskadik 132 enpresa irabazi ditu azaroan, hilabete honetarako daturik onena 2019az geroztik

  • Confebasken txostena Euskadiko enpresa kopuruaren hileroko bilakaerari buruz (ikusi hemen)
Confebask

2023-12-12

Confebaskek Gizarte Segurantzan erregistratutako enpresa kopuruaren bilakaerari buruz egindako azken newsletterrean irakur daitekeenez, Euskadik 132 konpainiaren hazkundea izan zuen azaroan aurreko hilabetearen aldean, eta hori hilabete honetarako daturik onena da duela lau urtetik hona (2019). Horrenbestez, azaroan Euskadin Gizarte Segurantzan erregistratutako enpresen kopurua ia 58.000ra igo da (57.909).

Hazkundea mantendu egin da urte arteko datuetan ere. Iazko azaroan zeudenekin alderatuta, 138 enpresa gehiago daude orain (+%0,2). Sektoreka, azaroan sektore guztietan hazi zen enpresa kopurua.

Oraindik berreskuratu ezinik dabilena pandemiaren aurreko zifra da, dagoeneko ia lau urte igaro diren arren. Alegia, covidaren aurretik zeudenei dagokienez (2020ko otsaila), Euskadiko enpresen kopuruan ia mila gutxiago daude (-984), eta, beraz, gaur egun orduan galdutakoen erdia baino ez da berreskuratu (%53).

Gainerakoan, Confebasken newsletter honetan zehazten da, baita ere, Euskadin enpresa kopurua urtebetean +%0,2 hazi bada ere, estatuan igoera are handiagoa izan dela, +%0,7.

Autonomoen kopuruari dagokionez, azaroan ere hazkundea izan da. Zehazki, Euskadik 143 pertsona gehiago erregistratu ditu, azarorako ohikoa denaren ildotik, eta Euskadin autonomoen guztizkoa 167.307an kokatu da, urte arteko -%1,1eko jaitsierarekin.

Azkenik, eta konkurtsoan dauden euskal enpresen kopuruari dagokionez, 2023ko hirugarren hiruhilekoan 56 izan ziren guztira, hau da, 2022ko hirugarren hiruhilekoan baino -%35,6 gutxiago, eta, hala, aldagai horrek azken hiruhilekoetan izan duen jaitsierarako joerara itzuli da. Euskadin izandako jaitsiera hori estatuan izandakoa baino handiagoa da, han konkurtsoen kopurua %28,3 jaitsi baita. Urteko lehen bederatzi hilabeteetako metatuan, Euskadin konkurtsoan dauden enpresen kopurua -%15,3 murriztu da.