Confebaskek bilera bat antolatu du Bilbon Marokoko gobernuarekin, inbertitzeko aukerak aztertzeko

  • Topaketa Bizkaiko hiriburuko Domine hotelean izan da, eta Magrebeko herrialdeko Inbertsio ministroa eta Confebaskeko lehendakari Tamara Yague izan dira buru.
Confebask Marruecos

Tamara Yagüe Confebaskeko lehendakariak, Marokoko Inbertsio ministroa agurtzen du otordua hasi baino lehenago (Argazkia, Confebask)

2024-01-30

Confebaskek enpresa otordu bat antolatu du Marokoko gobernuaren maila goreneko ordezkaritza batekin, Inbertsio, Konbergentzia eta Politika Publikoen Ebaluaziorako ministro Mohcine Jazouli buru dela.

Marokon inbertitu, merkatu berriak irekitzeko apustu lehiakor bat’ izenburupean, euskal enpresek bertatik bertara entzun ahal izan dituzte erresuma alauitan irekitzen diren negozio aukerak.

Ongietorri hitzaldian, Confebaskeko lehendakari Tamara Yaguek gogorarazi duenez, “Marokoko Erresumak inbertitzeko aukera handiak eskaintzen ditu guretzat garrantzitsuak diren sektoreetan, zeinetan gure enpresa sareak kaudimen handia duela erakusten baitu. Izan ere, ehun euskal enpresak baino gehiagok 350 milioi eurotik gorako balioa esportatzen dute dagoeneko modu erregularrean Marokora”.

Ildo horretan – jarraitu du Confebaskeko lehendakariak –, Marokoko erresumak energiekin eta mugikortasunarekin zerikusia duten proiektuetan hurrengo urteetan bultzatu nahi duen guztia – edo dagoeneko bultzatzen ari dena – aukera iturri izango da euskal enpresentzat. Baina, horrez gain, beste sektore batzuek, hala nola zerbitzuek, ingeniaritzek edo eraikuntzak, ziur nago inbertsio handiak egin ahal izango dituztela, eta kasu askotan egiten ari dira dagoeneko, kontuan hartuta Maroko bezalako herrialde bati buruz ari garela, era guztietako azpiegituretan gero eta jarduera ekonomiko handiagoa eta nazioartean presentzia handia duelarik”.

Marokoko Erresumako Inbertsio ministroaz gain, topaketan parte hartu dute, besteak beste, Marokok Espainian duen enbaxadoreak eta hango Enpresaburuen Konfederazio Orokorreko lehendakariak.

Confebasken aldetik, Tamara Yague lehendakariaz gain, bilkuran izan dira Juan Antonio Sanchez Corchero lehendakariordea eta Asís Canales Iberdrolaren Euskadiko arduraduna, Eduardo Aretxaga zuzendari nagusia, Carolina Perez Toledo Cebekeko lehendakaria, Confebaskeko batzorde exekutiboko beste kide batzuk eta hainbat sektoretako lider enpresarialak, horien artean energia, automobilgintza, metalaren industria, mugikortasun, ingeniaritza, azpiegitura edo aeronatikaren sektoreetakoak.