Enpresa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta aktiboagoa da langileen etengabeko prestakuntzan

  • Confebasken newsletter berria enpresa dimentsioari eta enpresaren tamainak prestakuntzan duen garrantziari buruz (ikusi hemen)
Confebask

2024-11-15

Enpresa dimentsioari buruz Confebaskek argitaratutako azken newsletterrean deskribatzen den bezala, enpresa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta aktiboagoa da bere langileen etengabeko prestakuntzan.

2023an, guztira, enpresen %22,3k langileen etengabeko prestakuntzako jarduerak egin zituzten, eta datu horretan alde handia dago enpresen tamainaren arabera. Hala, enpresa handien %93,2k egin zuten prestakuntza mota hori, bai eta enpresa ertainen %82,9k ere, eta, enpresa txikien kasuan, ehuneko hori txikiagoa da, %52,4, eta mikroenpresen kasuan ere txikiagoa da, %15,6.

Pandemia aurreko mailarekin (2019koa) alderatuta, etengabeko prestakuntzako jarduerak egiten dituzten enpresa ertain eta handien ehunekoa hazi egin da, eta enpresa txikiena eta mikroenpresena jaitsi, eta enpresa guztiak batuta ematen duen ehuneko osoak ere behera egin du.

Era berean, etengabeko prestakuntzako jarduerak egiten dituzten langileen ehunekoa handitu egiten da enpresaren tamaina zenbat eta handiagoa izan.

Datu horiek guztiak Confebaskek enpresa dimentsioari buruz argitaratu duen azken newsletterrean kontsulta daitezke, non baieztatzen baita enpresaren tamaina funtsezkoa dela prestakuntza emateko edo jasotzeko orduan.

Gainerakoan, newsletter honetan BINDen bederatzigarren deialdiari buruzko azken orduko albisteak sartu dira, zeinak 82 herrialdetatik datozen 867 hautagaitza erakarri dituen berrikuntza teknologikoko proiektuak garatzeko, bai eta enpresa dimentsioari buruzko hainbat txosten eta azterketa ere, horien artean Mario Draghik Europako Batzordearentzat egindako “The Future of European Competitiveness” izeneko txostena. Europako lehiakortasuna ziurtatzeko gakoak aztertzen ditu, eta horri buruzko proposamenak egiten ditu, besteak beste, enpresa handiagoen alde egitea, batez ere teknologikoen alde.

Azkenik, haztea erabakitzen duten euskal enpresen berriei buruzko ohiko atalak kontsulta daitezke, bai eta enpresa dimentsioarekin eta hazkundearekin lotutako ekimenen esteka interesgarriak ere.

--------------------

CONFEBASKI BURUZ

1983an lurraldeetako erakunde kideek sortua – Adegi (Gipuzkoa), Cebek (Bizkaia) eta SEA Empresas Alavesas (Araba) –, Confebask Euskadiko sektore arteko Enpresa Erakunde adierazgarriena da, tamaina eta sektore guztietako enpresak dituelako, eta, beraz, instituzio autonomiko, erakunde sindikal, komunikabide eta, oro har, euskal gizartearen aurrean enpresen erreferentziazko solaskidea da. Euskal enpresek Euskadiko soldatapeko 10 langiletik 8 ingururi ematen diete lana eta euskal ekonomiak sortutako aberastasunaren ia %85 sortzen laguntzen dute.