“Confebasken Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan jarraituko dugu Kontzilia edo erantzukidetasuna bultzatuko duten antzeko ekimenak bultzatzeko”

  • Confebaskek Kontzilia Komunitatearen bileran parte hartu du, Kontziliazioaren eta Erantzukidetasunaren egunean
  • Aurki enpresentzako laguntza lerro berri bat argitaratuko da, plantillen kontziliazioa hobetzeko . (Ikusi hemen)
Kontzilia

Confebaskeko Amaia López Iriondo, eskumetik hasita, lehena. (Argazkia, Irekia)

2023-03-23

Kontzilia Komunitatea, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak bultzatzen duena, beste gizarte eta enpresa eragile batzuekin batera, horien artean Confebask, Bilbon elkartu da eta ongietorria eman die harekin bat egin duten enpresa berriei.

Iaztik, lanaldi murrizketak edo eszedentziak hartzeko langileei eskaintzen zaizkien zuzeneko laguntzei enpresentzako laguntza lerro berri bat gehitu zaie, enpresei beren plantillen kontziliazioa hobetzeko diagnostiko eta ekintza plan bat egin ahal izateko.

Iaz 44 enpresak jaso zuten laguntza lerro berria, eta horrek 220.500 eurotik gorako inbertsio publikoa ekarri zuen. Eta, 2023 honetan, laguntza berri horien bigarren deialdi bat argitaratuko da aurki, baina aurrekontua 420.000 eurora zabalduta, 80 enpresa berri eta 4.200 langile baino gehiagotara iristeko.

Gainera, Jaurlaritzak gaian kontzientziatuta dauden enpresei laguntzen die, esperientziak partekatzea eta aholkularitza indibidualizatua eskaintzen duen sare baten bidez: Kontzilia Komunitatea, non Confebask ere badagoen. Horretarako Kontziliak web orrialde berezi bat prest dauka. (Ikusi hemen)

Gaurko bileran, Confebaskeko arloko arduradun Amaia Lopez Iriondok laguntza lerro berrira aurkezteko deia egin die enpresei, izan ere, adierazi duenez, “berdintasun eta erantzukidetasun politiken aldeko kontzientzia soziala eta enpresariala nabarmen hobetu da azken urteetan, baina, egia esan, erantzukidetasuna euskal gizarte osoan gainditzeke dagoen ikasgaietako bat da oraindik ere”.

Kontzilia Komunitateari atxikitako enpresak ekintza eredu garbia dira. Diskurtsotik haratago jarduteko garaia da. Orain gure jarduera areagotzea eta erantzukidetasuna Euskadiko ahalik eta pertsona, etxe, erakunde eta enpresa gehienei zabaltzea dagokigu”.

Horregatik, - amaitu du -, Confebasketik ekimen hau edo erantzukidetasuna bultzatuko duten antzeko beste batzuk bultzatzen jarraituko dugu”.