- Confebaskeko presidente Tamara Yagueren adierazpenak El Correoko Enpresa Foroan
2024-09-19
“Gure herrialdeak gure lehiakide nagusien abiadura har dezan, intentsitate handiagoz aprobetxatu behar ditugu gure lehiarako abantaila nagusi biak. Batetik, gure ahalmen industrialaz ari naiz, eta, bestetik, gure Kontzertu Ekonomikoaz”.
Gaur goizean El Correo egunkariak antolatutako Enpresa Foroan Tamara Yague Confebaskeko presidenteak zabaldu duen mezuetako bat da.
“2008ko finantza krisiaz geroztik, euskal ekonomiaren hazkundea euroguneko eta bere bi ekonomia nagusietako (Alemania eta Frantzia) batezbestekoaren nabarmen azpitik egon da. Estatuari dagokionez, 2008tik, gure hazkundea erkidego oparoenek (Madril, Katalunia eta Nafarroa) lortutakoaren atzetik ere geratu da. Madrilgo kasu zehatzeari dagokionez, erdia baino gutxiago hazi gara.
Azken batean, dinamismo ekonomikoaren galera jasaten ari gara, eta hori pixkanaka Europan eta estatuan dugun pisu erlatiboa murrizten ari da”.
Testuinguru horretan, Tamara Yaguek Confebaskek “gure hazkundea berreraikitzen hasteko egindako proposamenaren berri eman du, bost zutaberen gainean oinarrituta: enpresen eta enpresaburuen ekarpenaren aitorpen soziala; industriaren aldeko apustua eta kontzertu ekonomikoaren erabilera areagotzea, Euskadin hazkunde ekonomikoa bizkortzeko eta aberastasuna sortzeko; Euskadiko eskualdeen eta enpresen lehiakortasuna indartzea; Herrialde Estrategia bat ezartzea, datorkigun negu demografikoari aurre egiteko; eta gure haur eta nerabeen heziketa zein gazteen hezkuntza eta lanbide orientazioa hobetzea”.
Confebaskeko presidenteak El Correoko enpresa foroan emandako hitzaldiaren beste bi ardatzak izan dira gatazka sindikala, Euskadin inbertsioak eta aurrerapena galarazten dituen faktore gisa, eta laneko absentismo indize altuaren zergatiari buruzko diagnostiko partekatuari ekiteko beharra.
-----------------------------
CONFEBASK
1983an lurraldeetako erakunde kideek sortua – Adegi (Gipuzkoa), Cebek (Bizkaia) eta SEA Empresas Alavesas (Araba) –, Confebask Euskadiko sektore arteko Enpresa Erakunde adierazgarriena da, tamaina eta sektore guztietako enpresak dituelako, eta, beraz, instituzio autonomiko, erakunde sindikal, komunikabide eta, oro har, euskal gizartearen aurrean enpresen erreferentziazko solaskidea da. Euskal enpresek Euskadiko soldatapeko 10 langiletik 8 ingururi ematen diete lana eta euskal ekonomiak sortutako aberastasunaren ia %85 sortzen laguntzen dute.