“Erronka demografikoa jada ez da urruneko mehatxu bat, bertan dago. Eta talenturako arrakala estruktural bihurtu da, Euskadiren lehiakortasuna zalantzan jartzen duena”

  • Tamara Yague Confebaskeko presidentearen adierazpenak dira, Adegi, Cebek eta SEA erakunde kideekin batera egindako ekitaldian, ‘Erronka Demografikoa eta Lehiakortasuna’ gaitzat hartuta.
  • Litekeena da hamar urteren buruan Euskadik 240.907 langileko defizita pilatzea.
  • 2035erako aurreikusten den arrakalaren ondorioz, BPGan 22.606 milioi euro gutxiago sortuko lirateke.
  • Confebaskek lau palankaren gainean jardutea proposatu du: gobernantza partekatua, enplegurako immigrazioa, talentua sortzea eta, bertako talentua aktibatuz, errotzea.
Confebask

Mikel Torres, bigarren lehendakari ordea,eta Tamara Yague, Confebaskeko presidentea, lerroaren erdian, Adegi, Cebek eta SEAko arduradunekin, eta baita ere, Marisol Garmendia Espainako ordezkariarekin (Argazkia, Olga Ruiz Confebaskentzako)

2026-10-14

“Erronka demografikoa talenturako arrakala estruktural bihurtu da, dagoeneko Euskadiren lehiakortasuna baldintzatzen ari dena”. Horrela nabarmendu du Tamara Yague Confebaskeko presidenteak Adegi, Cebek eta SEArekin batera urtero egiten den ekitaldian, zeinak edizio honetan erronka demografikoa eta lehiakortasuna izan baititu gai nagusi.

Kontratatzeko zailtasunen, biztanleria zahartzearen eta dauden kualifikazioen eta enpresa beharren arteko desorekaren konbinazioa mehatxu bat da, enpresek hazteko, berritzeko eta enpleguari eta ongizateari eusteko duten gaitasuna mugatzen baitu.

Euskal gizarteak aurre egin beharreko erronka ilustratzeko, Ieteamek Confebaskentzat egindako Euskadiko Erronka Demografikoa eta Lehiakortasuna azterlana ezagutarazi da, non ‘ezer ez egitearen’ ondorioak zehazten diren, eta jarduteko lau palanka proposatu dira.

 

Aurreikuspenak

Zifrei dagokienez, txostenak adierazten du, aurreikuspenen arabera, Euskadik 2035erako 240.907 langileko defizit garbia metatu dezakeela.

Neurriak garaiz hartzen ez badira, ez jardutearen kostua ekonomikoa eta soziala izango litzateke: arrakala egungo enpleguaren %22,34aren parekoa izango litzateke, eta BPGan 22.606 milioi euro sortu gabe eta PFEZean 1.271 milioi bildu gabe geratzea ekarriko luke.

 

Proposamenak

Egoera horri aurre egiteko, Confebaskek proposatu du modu koordinatuan jardutea, lau ardatz osagarriren gainean.

Lehenik eta behin, Confebasken ustez, talentuari eta erronka demografikoari buruzko estrategia guztia instituzio, enpresa erakunde eta funtsezko beste eragile batzuen artean partekatutako gobernantza baten ingurukoa izan behar da, zeina gaur egungo sistema zatikatutik sistema integratuago batera igaroko den, prozesu arinak errazteko, enpresen beharrekin lerrokatutako prestakuntza emateko, talentu guztia aktibatzeko, bai kanpotik etor daitekeena, bai Euskadin dagoeneko eskuragarri dagoena, etxebizitza politika espezifiko bat integratzeaz gain.

 

Enplegura ere bideratutako immigrazioa

Bigarrenik, eta gobernantza partekatu hori eraiki ondoren, Confebaskek enplegurako immigrazio politika aktibo bat garatzea planteatzen du, jarduera zehatzekin:

  • Betetzen zailak diren okupazioen zerrenda dinamikoak sartzea, arreta berezia jarriz hutsik dauden lanpostu tekniko eta industrialei.
  • Jatorrian prestatzeko eta kontratatzeko proiektu pilotuak.
  • Homologazio akademikorako prozedura arinagoak.
  • Eta nazioarteko talentua kontratatzen duten enpresentzako informazio eta laguntza zerbitzu espezializatua. (Welcome Center)

 

Talentua sortzea

Hirugarrenik, azterlanak egiaztatzen du, halaber, desoreka nabarmena dagoela prestakuntza eskaintzaren eta enpresen benetako beharren artean. Erronka, beraz, ez da soilik talentu gehiago sortzea, baizik eta hobeto lerrokatzea eta eskuragarri dagoena aktibatzea.

Eta, horrenbestez, Confebaskek hainbat jarduera proposatzen ditu, hala nola:

  • enpresa kultura berri bat, emakumeak, gazteak eta etorkinak kontratatzera bideratua, estaldura zaileko lan kualifikatuak betetzeko.
  • ‘Talentuaren plangintza aurreratuaren’ eredua, hezkuntzaren eskaintzaren eta enpresen eskariaren arteko etorkizuneko desorekak saihesteko.
  • Emakumeen talentua industria sektoreetara erakartzeko programak.

 

Bertako talentua errotzea

Azkenik, bertako talentua errotzeari dagokionez, aurkeztutako azterlanak nabarmentzen duenez, Euskadik prestatzen duen talentu gehiena kontserbatzen badu ere, eta ihes garbi orokorrik ez badago ere, lan arrazoiengatik mugitzen den profesional kualifikatuen multzo oso zehatz bat dago.

Bertako talentu hori fidelizatzen saiatzeko, Confebaskek hainbat proposamen egin ditu:

  • Euskadiko langabeen edo kualifikazio baxuko pertsonen birkualifikazio intentsiboa, profesional falta duten sektoreetara bideratzeko.
  • Belaunaldien arteko ‘mentoring’ ekimenak sustatzea, seniorren ezagutza transferitzeko.
  • Fidelizazio neurriak karrerako lehen urteetan.
  • Eta lurralde mailako talde arinak, adimen artifizialak eta digitalizazioak eragindako sektoreetako langileak birkualifikatzeko eta birsailkatzeko.

 

“Erronka kolektiboa”

Azken batean, eta Tamara Yague Confebaskeko presidenteak jardunaldia ixteko hitzaldian gogorarazi duenez, “ez gara arazo koiuntural bati buruz ari. Hazkundeari, belaunaldi erreleboari eta gure ongizatearen jasangarritasunari eragiten dion errealitate batez ari gara”.

“Euskadi ez da inbertsio, teknologia edo merkatuengatik bakarrik lehiatzen. Inbertsio horiek posible egiteko, teknologia hori garatzeko eta merkatu horiek irekitzeko gai diren pertsonengatik lehiatzen da. Baina, kontuz, lehiakortasuna ez baita soilik enpresen kontua. Herrialdearen erronka kolektibo bat da”.

“Enpresa lehiakorrik gabe, ez dago kalitatezko enplegurik.. Ez dago behar besteko baliabiderik zerbitzu publiko bikainei eusteko. Eta ez dago aukerarik hurrengo belaunaldientzat”, gogorarazi du Tamara Yaguek.

Jardunaldiaren amaiera instituzionalaz Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea arduratu da.