Confebaskek 2021ean euskal ekonomia biziki haziko dela aurreikusten du, %7,2, baina aurten galdutako guztia berreskuratu gabe, horretarako 2022ra arte itxaron beharko baita

  • 2020an euskal ekonomiak aurrekaririk gabeko atzeraldia sufritu du, kalkulatzen baita KPIa -%9,2 jaitsiko dela, espainiar ekonomian baino gutxiago, baina Europan baino gehiago.

 

  • 2021erako, ziurgabetasun maila handiaren ondorioz, pandemiaren bilakaeraren arabera, Euskadiko hazkundearen urkila %5 eta %8’5 artean kokatuko da.

 

  • Euskal enpresen perspektibek hobekuntza progresibo bat iradokitzen dute, baina pandemiaren aurrekoa baino jarduera maila txikiagoarekin. 

 

  • Euskal ekonomia galdutako enplegua berreskuratzen hasiko da, baina erritmo motelean oraindik ere; beraz, langabezia tasa ez da aldatuko aurtengoarekin alderatuta, eta %11 ingurukoa izango da.

 

  • Pandemian zehar hartutako neurriek arindu egin dituzte euskal ekonomiaren gaineko ondorioak.
Confebask

Eduardo Zubiaurre, Confebaskeko lehendakaria, erdian, Eduardo Aretxaga zuzendariarekin eta Pablo Martín, Ekonomia arduradunarekin (Argazkia, Manu de Alba)

2020-12-28

 

                                                            2021: BPG eta enplegua

Aurrekaririk gabeko atzeraldi baten ondoren, Confebaskek datorren urterako aurreikusten du   euskal ekonomia %7’2 haziko dela, biziki, nahiz eta hori, garrantzitsua izan arren, ez den nahikoa izango aurten galdutakoa berreskuratzeko. Horretarako, 2022ra arte itxaron beharko da, euroguneko herrialdeetan gertatzen denarekin batera, eta Espainiako ekonomiarako aurreikusten dena baino urtebete lehenago.

Edonola ere , kontuan hartu behar da pandemiaren etorkizunari buruz dagoen ziurgabetasun handiak baldintzatu egiten duela ‘jokaleku nagusi’ hori. Horrenbestez, azkenean bilakaera zein den, Euskadin 2021erako espero den hazkundearen urkila %5 eta %8’5 artean egon daiteke.

Sektoreka, Euskadin 2021ean denek izango dute hobekuntza nabarmena, zerbitzuen sektore pribatutik hasita, nahiz eta aisiari eta turismoari lotutako jarduerak geroago abiatuko diren. Biziki haziko dira baita ere eraikuntza eta industria, baina azken horren jardueraren adar batzuetan – esaterako, Oil&Gas edo aeronautika – susperraldia geroago etorriko da.

Enpleguari dagokionez, aurreikuspena da 2021ean enpresak orain arte galdutakoaren zati bat berreskuratzen hasiko direla, baina erritmo moteletan oraindik ere. Ildo horretan, Confebaskeko lehendakari Eduardo Zubiaurrek azaldu duenez, “enplegu beharren zati handi bat  ERTEan jarraitzen duten pertsonak lanera itzultzen direnean beteko dira (Euskadin, oraindik 30.000 inguru). Horrek azaltzen du afiliatu berrietan aurreikusten den aldakuntza oso urria izatea (5.000 gehiago baino ez dira izango). Eta 2021eko langabezia tasa ere ez da aldatuko, eta aurtengo itxierarako aurreikusten den %11 horren bueltan geratuko da”.

 

                Euskal enpresaren perspektibak, kezkak eta eskakizunak

Euskal enpresek datorren urterako espero dutenari dagokionez, hobekuntza txiki bat iradokitzen da, 2020koa baino jarduera maila handiagoarekin, baina pandemiaren aurrekoak baino maila baxuagoekin.

Gure lurralde erakundeek – Adegi, Cebek eta Sea – hurrengo seihilekoari buruz egindako inkestek diotenez, 10 euskal enpresatik 6k ikusten dute euren merkatua egonkor edo suspertzen egongo dela.  Gainera, 10etik 7k enplegua mantentzea aurreikusten dute, eta, are gehiago, 10etik 1ek handitzea. Azkenik, 10etik 2k murriztu egingo dela kalkulatzen dute.

Enpresen pertzepzioaren hobekuntza txiki hori sektore eta tamaina guztietan agertzen da. Eta, halere, 10etik 4k aurreikusten dute euren merkatuak atzeraldian jarraituko duela hurrengo seihilekoan.

Kezka nagusiak dira, besteak beste, Espainiako ekonomiaren ahultasuna eta salmenten errentagarritasunaren jaitsiera. Ildo horretan, eskakizun nagusiak dira barruko lan malgutasuna, Gizarte Segurantzako kotizazioen murrizketa eta ERTEak zein likideziarako abal eta mailegu lerroak mantentzea.

 

                                                          2020: BPG eta enplegua

2020ari dagokionez, amaitzear dagoen urtean Euskadik bere historiako ateraldirik handiena sufritu du. Aurtengo ekitaldirako, Confebaskek kalkulatzen du BPGaren jaitsiera -%9’2koa izango dela, hau da, sekula izan gabeko zifra, enpleguan eragin nabarmena duena. Aitzitik, pandemian zehar hartutako neurri guztiek arindu egin dituzte ondorio horiek.

Ildo horretan, Eduardo Zubiaurrek azpimarratu duenez,  “Confebasken aurtengo itxierarako aurreikusten dugu Gizarte Segurantzan 22.000 afiliatu gutxiago egongo direla, Lanbiden 18.000 langabe gehiago, eta %11’3ko langabezia tasa. Baita ERTEek ekidin egin dute enplegu gehiago suntsitzea. Urtearen itxieran %16 langabe gehiago egongo dira Lanbiden. Aitzitik, aurreko krisian, Euskadin erregistratutako langabezia +%30/35 hazi zen, hau da oraingoan halako biEta enpresa kopuruari dagokionez, berriz, gaur otsailean baino ia 1.500 enpresa gutxiago ditugu. 2009an edo 2012an izandakoaren antzeko zifra da… baina orain orduan baino atzeraldi askoz handiagoarekin”.

 

Sektoreka, 2020an denek nozitu dituzte, gehiago edo gutxiago, Covid-19ak eragindako krisiaren ondorioak. Gehien sufritu dutenak dira mugikortasunari, kulturari eta aisiari lotutako zerbitzuak. Baina baita ere eraikuntza (neurri txikiagoan) eta industria, batez ere jarduera jakin batzuetan – aeronautika, petrolioa fintzea edo ekipo ondasunak  –, zeinak kanpora oso zabalik baitaude.

Hain zuzen ere, esportazioek kalte handia izan dute. Kontuan hartu behar da euskal ekonomiak kanpoan egiten dituen salmenta guztien %73 estatura eta Europara zuzentzen direla, hau da, Covidaren inpaktua gehien sufritu duten bi gunetara.

 

                       Erronkak eta desafioak

Laburbilduta, Confebaskeko zuzendari nagusi Eduardo Aretxagak eta ekonomiako arduradun  Pablo Martinek prentsaurrekoan gogorarazi dutenez, “2021a urte konplikatua izango da oraindik ere, hainbat faktore nabarmentzen direlarik, horien artean egonik olatu berrien agerraldi posibleak, eta, ondorioz, jardueren murrizketa, pandemiaren eta txerto prozesuaren bilakaera, AEBko administrazio berriaren norabidea, Brexitaren irtenbidea, edo Europako Next Generation Funtsen inpaktua”.

Jokaleku horrekin, Eduardo Aretxagak azpimarratu du “2021ak erronka eta desafio handiak planteatuko dituela. Saihestu ezinezko erronka sanitarioaz gain, erronka ekonomiko eta sozialari heldu beharko zaio dago; horretan, egin beharreko lehenengo gauza eustea izango da, eta, gero, berraktibazio eraldatzaile bati ekitea, krisitik indartuta ateratzeko.

Finean – amaitu du –, “begirada errealista proposatzen dugu, baina pesimismoan eta atsekabean erori gabe. Krisitik ateratzeko beharrezko esperientzia eta tresnak ditugu, eta horretarako, ziur gaude, konpromisoa, erantzukizuna eta ahalegin indibiduala eta kolektiboa beharko dira”.