Eusko Jaurlaritzak, Confebaskekin lankidetzan, eskualdeetako esepe-etarako 1.047 m €-ko dirulaguntzen zuzeneko kudeaketa eskatzen du

Confebask

Confebaskeko lehendakaria, Tamara Yagüe, Pedro Azpiazu sailburuarekin emondako prentsaurrekoan  (argazkia, Confebask)

2023-12-11

Ekonomia eta Ogasun Sailak, Confebaskekin eta haren hiru lurralde-erakundeekin (Cebek, SEA eta Adegirekin) lankidetzan, beste urrats bat eman du Euskadi Next programan, ESKUALDEETAKO ESEPE-etarako euskal proposamena diseinatu baitu. Proposamen horretan jasotzen da euskal proiektu estrategikoak garatzeko oraindik egikaritu ez diren SEM dirulaguntzen 1.047 M €-ren zuzeneko kudeaketarako eskaera. SEMa egikaritzeko epea 2026an amaitzen da eta, epe horren erdia igaro denez, gobernantza-formula aldatzen ez bada, ez egikaritzeko arrisku larria dago. Horrek berekin ekarriko luke erabili gabeko funtsak Europari itzuli behar izatea.

Azpiazuren ustez, “dimentsio historikoetako porrota eta aukera-galera litzateke hori”. “Une honetan, lankidetza eraginkorra bertute bihurtu behar da, euskal ekonomia-ehunarentzat ondorio positibo izugarriak izango dituen bertute, ekonomia-ehuna izango bailitzateke Europako baliabide horiek galtzearen kaltetu nagusia”.

Bestalde, Tamara Yagüe Confebaskeko presidenteak adierazi duenez, “kudeaketa ‘deszentralizatuagoa eta hurbilekoagoa’ izatea bide gehigarria izan daiteke Europako laguntza horiek erabat balia daitezen bultzatzeko, zenbatekoan eta helburu eraldatzailean historikoak baitira. Ezin dugu onartu ‘euro’ bakar bat galtzea autonomia-erkidegoen parte-hartze aktiboagoarekin konpon litekeen zerbaitengatik, aipatutako laguntzen esleipenean, kudeaketan eta banaketan parte hartzeari dagokionez”.

 “Bat gatoz Eusko Jaurlaritzak azken 40 urteetan enpresa- eta industria-politikak aplikatzeko eta hobetzeko izan duen hurbiltasuna eta esperientzia eta lankidetza publiko-pribatuaren ibilbide luze eta frogatua abiapuntu egokiak direla, zalantzarik gabe, Europako funtsak euskal enpresa-sarea modernizatzeko eta Europako eskarietara egokitzeko erabiliko direla ziurtatzeko. Gure produkzio-ehuna ezagutzeak eta euskal enpresekiko eta gurekiko —enpresen ordezkaritza handiena duten erakundeekiko— tratuan dagoen konfiantzak lagundu egingo dute, zalantzarik gabe, banaketa arinagoa eta behar dugunera gehiago bideratua lortzen”.

Modu praktikoan, RIS3 espezializazio adimenduneko estrategia erabiltzea proposatzen da, Europako SEM funtsak lor ditzaketen proiektuak zehazteko palanka gisa”. Eusko Jaurlaritzak proposatzen du oraindik banatu gabe dauden Estatuko ESEPE-etako funtsen % 65 —11.792,57 M €— autonomia-erkidegoetara bideratzea. Horrela, Euskadik zenbateko horren % 8,88 kudeatuko luke —EINen datuen arabera, bere industriaren balio erantsi gordinak Estatu osoarekiko duen pisuari dagokio zenbateko hori—. Guztira, 1.047,18 M € izango lirateke.

Era berean, Euskadik aktiboki parte hartu nahi du Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren eranskinean jasotako Autonomia Erkidegoen Jasangarritasunerako Funtsari dagozkion maileguen kudeaketan, Finantzen Euskal Institutuaren (FEI) bitartez. Funts horrek 20.000 M € arteko zuzkidura du, eta proiektu pribatuak, publikoak eta publiko-pribatuak finantzatzeko erabiliko da honako esparru hauetan: etxebizitza sozialak eta eskuragarriak eta hiri-berroneratzea; garraio jasangarria; industriaren eta ETE-en lehiakortasuna; ikerketa, garapena eta berrikuntza; turismo jasangarria; zainketen ekonomia eta uren eta hondakinen kudeaketa; eta trantsizio energetikoa.

Europako Inbertsio Bankuak (EIBk) kudeatuko du funtsa, eta planteatzen da FEIk bitartekari gisa jardun ahal izatea (EIBrekin batera enpresentzako beste finantzaketa-ekimen batzuetan duen esperientzia aprobetxatuz) eta aktiboki parte hartu ahal izatea euskal ETE-entzako finantzaketa bideratzean. Hori posible izan dadin, FEIren, EIBren eta Estatuko Administrazio Orokorraren artean behar diren akordioak sinatzea eskatzen da, harreman horren baldintzak ezartzeko.

Eusko Jaurlatitzak eta Confebaskek egindako prentsa ohar osoa hemen irakurri