“Euskadin, aurten, 11 errenta itun sinatu ditugu sindikatuekin, eta beste 18 hitzarmenetarako negoziazio mahaietan gaude”

  • Elkarrizketa Confebaskeko zuzendari nagusi Eduardo Aretxagarekin Radio Euskadin (Entzun hemen)
Eduardo Aretxaga

2022-09-12

Radio Euskadin (EiTB) egindako elkarrizketa batean, Eduardo Aretxaga Confebaskeko zuzendari nagusiak gezurtatu egin du Euskadin enpresak negoziazio kolektiboa blokeatzen ari direla soldatak igotzeari uko egiten diotelako.

Aretxagak gogorarazi duenez, Euskadin, 2022an bertan, “gure erakunde kideek –Adegi, Cebek eta SEA– 11 errenta itun sinatu dituzte dagoeneko  2022an, eta, negoziatutako hitzarmenen ondorioz, soldatak %5 inguru ari dira igotzen batez beste, estatuan baino bi aldiz gehiago. Gainera, 18 hitzarmenetan ari gara negoziatzen. Beraz, argi dago guk errenten itunaren alde egiten dugula”.

Confebaskek –jarraitzen du zuzendari nagusiak– "beti akordioaren alde egiten du, eta ez du inoiz esan ez dituela soldatak igo nahi. Beste gauza bat da, enpresaren bideragarritasuna arriskuan jartzen duten neurriz kanpoko eskaerak badaude, ezinezkoa dela akordioak lortzea”.

Eduardo Aretxagak gogorarazi duenez, "hitzarmen eta itun bakoitza berezia da, bakoitzak errealitate jakin batzuei erantzuten dielako”. Euskal patronala Jaurlaritzarekin eta sindikatuekin negoziatzeko prest ote dagoen galdetuta, gogorarazi du “Confebask ez dela inoiz deitu duten mahai batetik altxatu. Eta deitzen digutenean ez diogu utziko joateari”.

"Baina sinatuta ditugun hamaika hitzarmenen balioa azpimarratu behar dela uste dut, eta horrek gezurtatu egiten du soldatak igo nahi ez ditugula. Nahi dugu, jakina, betiere enpresen bideragarritasuna arriskuan jartzen ez bada”.

 

Koiuntura ekonomikoa

Horrez gain, hemendik urte amaierara bitarteko aurreikuspen ekonomikoei dagokienez, Confebaskeko zuzendari nagusiak "erne" egoteko eta "errealista" izateko deia egin du.

"Kontua ez da baikorra edo ezkorra izatea. Uste dut efizientea, zorrotza eta gertaeren oso gainetik egon behar dela", esan du. Gainera, kezkatuta agertu da “Euskadi, Ukrainaren inbasioaren ondoren ekonomia guztiak bezala, espektatiba aldatzeko prozesu batean dagoelako. Objektiboak izan beharko genuke eta jendeari esan ikasturte zorrotz bat hasi behar dugula".

Pandemia bezalako krisi sakon batetik irteteko urtea izango zela uste genuen, eta ikusten ari gara susperraldi hori gelditu egingo dela eta dezelerazioa egongo dela. Oraindik uste dugu urte hau %3,5eko edo %4ko hazkundearekin amai dezakegula, baina oraindik ez da nahikoa izango pandemia aurreko egoerara itzultzeko".

 

Elikagaien prezioa

Azkenik, eta Yolanda Diaz bigarren presidenteorde eta Lan ministroak oinarrizko elikagaien prezioa mugatzeko ideiari buruz, Eduardo Aretxagak gogorarazi du "onerako edo txarrerako, gaur egun mundu osoan indarrean dagoen sistema merkatuko ekonomia da, eta, beraz, edozein neurri interbentzionista anakronikoa, bideraezina eta burutazio bat da”.

Oinarrizko elikagaien prezioari muga bat jartzea, ministroak nahi duen bezala, hornidura kate osoari kalte egitea da. Gauza bat da prezioei tope bat jartzea eta beste bat eskaintza zehatzak egitea. Merkatuko ekonomia batean, enpresa bakoitzak bere salmenta prezioa zehaztu dezake, eta, merkatu estrategia edo politika komertzial baten arabera, oldarkorragoa izan daiteke, etab... Beraz, utz diezaiogun merkatuari funtzionatzen".

ELKARRIKZKETA ENTZUN HEMEN