- Confebasken kanpaina berria, Eusko Jaurlaritzarekin eta LHko ikastetxeekin lankidetzan, LH dualeko euskal eredura are enpresa gehiago erakartzeko
- Orain dela 6 urte martxan jarri zenetik, LHko modalitate honetan sektore eta neurri guzietako ia 3.000 enpresak parte hartu dute
- Confebaskek argitaratutako “GIDA AZKARRA” ere kontsulta daiteke, enpresa batek Euskadin LH dualean sartzeko egin beharreko urratsen laburpen erraz batekin.

Confebaskek eta bere elkarte kideek - Adegi, Cebek eta Sea -, Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskadiko LHko ikastetxeekin lankidetzan, kanpaina berri bat abiarazi dute Euskadiko LH dualera enpresak erakartzeko, ikasleak enpresak edo sektoreak behar dituen gaitasun zehatzetan prestatzeko eta, gainera, gazteei lan aukera zabala eskaintzeko.
3.000 euskal enpresa eta Lanbide Heziketako ikastetxeetako 4.000 ikasle inguruk dagoeneko hartu dute parte programan, indarrean daraman 6 urteetan. Ikasturte honetan bakarrik (2017/2018), ia 2.000 gazte ari dira LH duala egiten 1.000 enpresa baino gehiagotan, hau da, hamar aldiz baino gehiago biderkatu da firma parte hartzaileen eta ikasleen kopurua, 2012. urtean programa abiarazi zenetik.
LH dualarekin bat egitea erabaki duten konpainiak jarduera sektore eta neurri guztietakoak dira: berez, %80 enpresa txiki eta ertainak dira.
Enpresentzako gida azkarra
Aurtengo kanpainak, bigarrenez,‘GIDA AZKAR’ bat ere badu, parte hartzeko interesa duen enpresa batek jarraitu beharreko pausoekin. Dekalogo samur eta irakurterraza, parte hartzera animatuz gero jarraitu beharreko protokoloaren lehen ideia bat egiteko.
Eusko Jaurlaritza, Confebask eta Ikastetxeak elkarrekin ari dira LH dualaren euskal eredua lantzen, eta hainbat modalitate eskaintzen ditu, prestakuntza egoera jakin bakoitzera egokitzeko. Zabaldutako aukeren artean daude 2 edo 3 urteko hainbat modalitate, behar den espezializazioaren arabera.
Euskadiko LH dualaren onurak
Lanbide heziketako eredu zehatz honek onura nabarmenak eskaintzen ditu. Gazteentzat, laneko egoera errealetan ikasteko aukera ematen dielako, gutxienez 1 urteko esperientzia profesionala lortuz; ordainsaria eskaintzen die, kontratuaren edo hitzarmenaren arabera; eta lanean integratzea, esaterako, industriaren adar batzuetan, dagoeneko %100era ere iritsita.
Enpresentzat, LH dualak langile kualifikatuak prestatzen dituelako, enpresen behar zehatzetara eta kultura berezira egokituta; belaunaldien arteko erreleboa errazten du; inplikazio eta elkarlan maila biderkatzen du; eta egokitzeko/ikasteko denborak laburtzen ditu beste bide batzuekin alderatuta.
Ildo horretan, Euskadiko LH duala tresna erabakigarria da langile kualifikatuak kontratatzeko arazoa konpontzeko , izan ere, Confebaskek eta bere elkarte kideek - Adegi, Cebek eta Sea – landutako azken txostenak dioenez, arazo horrek 10 euskal enpresatik 7ri eragiten die.
Gogobetetze eta laneratze maila handia
Eredua oso harrera maila onarekin zabaltzen ari da. Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak egindako inkesta baten arabera, enpresa parte hartzaileen gogobetetze maila %100ekoa dela esan daiteke.
Zehazki, adierazten duenez, programan jada parte hartu dutenen %98k uste dute ikasleek positibo eta eraginkortasunez erantzun diotela egitasmoari; %99,6k ‘oso ontzat’ kalifikatzen du LH dualaren euskal eredua, eta enpresen %99,3k berriro parte hartuko lukete hurrengo deialdian.
Gainera, LH dualaren euskal ereduak laneratze indize altua dauka. LH dualeko tituludunen %87k hurrengo egunean aurkitu zuten lana.
Kanpaina
LHko modalitate hori bultzatzeko asmoarekin asmoarekin - gaur egun erreferentea da Euskadin zein EBn -, Confebaskek eta ADEGI, CEBEK eta SEA bere elkarte kideek, Eusko Jaurlaritzako LH Sailburuordetzaren eta Euskadiko LH ikastetxeen sarearen eskutik, zabalkunde kanpaina berri bat abiarazi dute euskal enpresen artean, lema honekin: “EUSKADIKO LH DUALA: GURE ENPRESEN HARROBIA. ENPRESA, ZATOZ! UNEA DA”.

Kanpaina horrekin, Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek eta Lanbide Heziketako Ikastetxeek aholkua eta laguntza eman nahi diete bat egiten duen enpresei, zuzenean, behar dituzten profesionalak prestatzeko.
Aldi berean, ADEGI, CEBEK eta SEAk, Confebaskekin batera, hainbat egitasmo garatzen ari dira maiatz honetan, enpresei zuzenean azaltzeko LH dualeko programan sartzearen onurak; eta, bereziki, ‘enpresako trebatzaileak edo tutoreak’ prestatzeko, horien gainean geratzen baita bere enpresak hartzen dituen LH dualeko ikasleei zuzenean arreta eta prestakuntza emateko erantzukizuna, hori delarik programaren arrakastaren gakoetako bat, zalantzarik gabe.
Interesa duten enpresek CONFEBASK ADEGI, CEBEK edo SEAra jo dezakete, edo Euskadiko LHko edozein ikastetxetara, edo zehaztasun gehiago aurkitu dezakete www.fpeuskadidual.eus webgunean.