Lehendakariak Confebaskeko Batzorde Exekutiboaren ordezkari batzuei egin die harrera

  • Bilera Lehendakaritzan egin da gaur goizean
Confebask lehendakaritza

(Argazkia, Irekia)

2022-01-13

Iñigo Urkullu lehendakariak Confebaskeko Batzorde Exekutiboaren ordezkari batzuei egin die harrera gaur goizean Lehendakaritzan. Hauek dira, zehazki, joan diren ordezkariak: Eduardo Zubiaurre presidentea; Eduardo Aretxaga zuzendari nagusia; kide diren erakundeetako lehendakariak (Adegi –Eduardo Junkera–, Cebek Carolina Perez Toledo– eta Sea Empresas Alavesas –Pascal Gomez–); Confebaskeko lehendakariordeak (Isabel Busto, Asis Canales eta Juan Antonio Sanchez Cordero), bai eta Lurralde Erakundeetako zuzendari eta idazkari nagusiak ere (Jose Miguel Ayerza, Francisco Javier Azpiazu eta Juan Ugarte).

Bilera horretan, Confebaskeko ordezkariek Euskadiren egungo ekonomia eta enpresa egoera laburbildu diote lehendakariari, eta hasi berri den urteari begira dituzten igurikapenen berri eman diote.

Ildo horretatik, Confebaskeko presidente Eduardo Zubiaurrek lehendakariari jakinarazi dio aurten ekonomiaren eta enpleguaren susperraldiari eutsiko zaiola, nahiz eta hortxe dauden inflazioari, energiaren eta lehengaien kostu handiei eta errentagarritasunaren zein enpresa marjinen jaitsierari buruzko kezka ezagunak.

Confebaskeko Batzorde Exekutiboak, halaber, gizarte eragileek hitzartu berri duten lan erreformari buruzko balorazio positiboa egin dio lehendakariari. Eta, era berean, kezka agertu diote pandemiaren seigarren olatuak eragindako lan bajen kopuru handiagatik, eta adierazi diote alten administrazio prozesua ahalik eta gehien arintzen saiatu beharra dagoela; betiere, jakina, kasu bakoitzeko osasun pertsonalak eta aholkularitza zientifikoak hala egitea bermatzen badute.