2025-02-06
Eragile sozialek Euskadin lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) propio bat negoziatzeko eskatu dutela eta, eta haien proposamenak entzun ondoren, Confebaskek eta bere elkarte kide Adegik, Cebekek eta SEA Enpresas Alavesasek gogoeta hauek helarazi dituzte:
- Kotizazio sozialen igoera handiaren, Euskadiko lan absentismoaren erregistro altuen, lege xedapenez ezarritako lanaldi murrizketaren –negoziazio kolektiboan aldez aurretik hitzartutakoaren gainean dator, eta ezarritako orekak hausten ditu– eta enpresak antolatzeko malgutasun ezaren ondorioz, enpresen kezka nagusietako bat lan kostuen gaineko presioa da, lehiakortasunean duten inpaktuagatik, batez ere enpresa txiki eta ertainetan.
- Kezka hori areagotzen ari da 2025ean, nazioarteko panoraman ziurgabetasun ekonomiko handia dagoelako. Europako eta EAEko ekonomia hazkunde eta lehiakortasun krisia sufritzen ari dira, AEBrekin eta Txinarekin alderatuta, oparotasun ekonomikoaren eta etorkizuneko ongizatearen aldeko lasterketan.
- Horrez gain, Europako eta Euskadiko perspektiba industrialak mehatxatuta daude, Europaren eta Euskadiren etorkizun ekonomiko eta sozialerako garrantzitsua den sektore batek, automobilgintzak, gainerako enpresa sektoreen traktore ere badenak, aurre egin behar dion krisi estrukturalaren ondorioz.
- Halaber, ‘Gutxieneko soldata propioa’ Euskadin badago. Eta negoziazio kolektibo sektorial eta probintzial esaten zaio, duela 40 urte baino gehiagotik, langileen ordezkariekin adostuta, sektore eta enpresa bakoitzerako ‘gutxieneko eta gehieneko soldatak’ ezartzen dituena, bakoitzaren errealitate eta aukera desberdinen arabera. Gutxieneko soldata orokor bat ezartzeko asmoak, errealitate desberdin horiek kontuan hartu gabe, soldata taularen gainerakoarekiko eskalatze efektua eragiteaz gain, soldataren eta dagokion esparru bakoitzaren egoera bereziaren arteko berezko harremanaren logika haustea eragingo luke.
- Negoziazio kolektiboaren inguruan indarrean dagoen eredu horrek, gainera, pertsonen erosteko ahalmena enpresen lehiakortasunarekin bateragarria izatea bermatzen du duela berrogei urte baino gehiagotik. Izan ere, negoziazio kolektibo horren eta langileen ordezkariekin lortutako akordioen ondorioz, Euskadik estatu osoko batez besteko soldatarik handiena eta lanaldirik murriztuena ditu. Zehazki, lanaldi osoko batez besteko soldata estatuan ordaintzen dena baino %18 handiagoa da Euskadin, eta alde hori, gainera, handitu egin da azken urteetan. Horrez gain, Euskadin indarrean dauden hitzarmenetan hitzartutako soldata ere igo egin da 2019tik (covid aurreko urtea), estatuan itundutakoaren gainetik, %15,4 eta %14,1, hurrenez hurren.
Azken batean, eta azaldutako arrazoi horiek guztiak kontuan hartuta, Confebaskek eta bere erakunde kideek –Adegi, Cebek eta SEA Empresas Alavesas– uko egiten diote Euskadin gutxieneko soldata negoziatzeko eskaerari.
------------------
CONFEBASK
1983an lurraldeetako erakunde kideek sortua – Adegi (Gipuzkoa), Cebek (Bizkaia) eta SEA Empresas Alavesas (Araba) –, Confebask Euskadiko sektore arteko Enpresa Erakunde adierazgarriena da, tamaina eta sektore guztietako enpresak dituelako, eta, beraz, instituzio autonomiko, erakunde sindikal, komunikabide eta, oro har, euskal gizartearen aurrean enpresen erreferentziazko solaskidea da. Euskal enpresek Euskadiko soldatapeko 10 langiletik 8 ingururi ematen diete lana eta euskal ekonomiak sortutako aberastasunaren ia %85 sortzen laguntzen dute.
