Urtarrilean izena emanda dauden enpresen kopurua jaitsi egin da, eta pandemiaren aurretik baino ia 1.300 gutxiago daude oraindik

  • Confebasken txostena Euskadiko enpresen kopuruaren urtarrileko bilakaerari buruz
Confebask

2022-02-11

Bai enpresen kopuruak bai autonomoenak behera egin dute Euskadin urtearen hasierarekin batera. Bi kasuetan, ohikoa da urtarrilean jaitsierak egotea, baina enpresa kopuruaren jaitsiera aurreko urteetan baino handiagoa izan da.

Enpresei dagokienez, Confebasken azken txostenean jasotzen denez, Euskadin urtarrilean Gizarte Segurantzan izena emandako konpainien kopurua 549rekin murriztu zen, guztira 57.596 izanik. Orain dela urtebete baino 321 gehiago badira ere, 2020ko otsailarekin alderatuta, pandemia hasi zenean, 1.297 enpresa gutxiago dira (-%2’2). Orain arte, 2020ko apirileko minimotik, galdutako 2.107 enpresen %38 berreskuratu dira.

Hain zuzen ere, pandemia aurreko datuekin alderatuta, jaitsierarik handiena Zerbitzuetan izan da (-%2,1 eta 949 enpresa gutxiago), ondoren Industrian (-%3,6 eta 237 enpresa gutxiago) eta Eraikuntzan (-%1,2 eta 62 enpresa gutxiago). Erreferentzia horrekin berarekin, Euskadin enpresa gehiago desagertu dira (-% 2,2) Estatuan baino (-% 0,9).

Autonomoen kopuruaren bilakaerari dagokionez, urtarrilean 168.895 autonomo zeuden erregistratuta Euskadin, aurreko urteko hilabete berdinean erregistratutako ia kopuru bera (+%0,1) eta abenduan baino 784 gutxiago (ohiko jaitsiera da urtarrilean).

Azkenik, iazko hirugarren hiruhilekoari buruz eskura dauden azken datuen arabera, konkurtsoan sartu diren EAEko enpresak 47 izan ziren, 2020ko hirugarren hiruhilekoan baino % 29,9 gutxiago. Urtearteko lehen jaitsiera izan zen lau hiruhilekotan jarraian gora egin ondoren.