Confebaskek positibotzat jo ditu Elkarrizketa Sozialaren Mahaian lortutako akordioak, enpresa antolakundeak luzaroan egindako eskaerei erantzuten baitiete

  • Confebaskeko presidente Isabel Bustok adierazi duenez, “Euskadin elkarrizketa sozialaren bultzada irmoa da”
Confebask

Isabel Busto, Confebaskeko lehendakaria, eta Eduardo Aretxaga, zuzendari nagusia (Argazkia, Irekia)

2022-11-22

Confebaskeko presidente Isabel Bustok Elkarrizketa Sozialaren Mahaian (ESM) lortutako akordioei buruz komunikabideei egindako adierazpenetan esan duenez, “gure balorazioa ezin da positiboagoa izan, Confebaskek luzaroan egindako eskaerei erantzuten baitie”.

 

Langileentzako prestakuntza eredu propioa

Isabel Bustok akordio horiek zertan dautzan laburbildu du: “alde batetik, langileen profil profesionala ekonomia berriaren eskaeretara egokitu nahi dute, langileen Prestakuntza eredu propio batekin, zeina ezinbestean dinamikoa, arina eta malgua izan behar den. Gai horretan, dakizuenez, aspalditik ari gara tematzen, eta, azkenean, elkarrizketa sozialaren mahai honetan adostu ahal izan dugu”.

Confebaskeko presidentearen hitzetan, prestakuntza eredu horrek “aurreikusten du enpresek eta pertsonek beharrezko prestakuntza tresnak izango dituztela aurrean ditugun ekoizpen trantsizioetara egokitzeko. Helburua da inor ez dadila atzean geratu: ez pertsonak, ez enpresak, bereziki ETEak. Eta, gainera, prestakuntza pertsonen lan egoera edo kualifikazio maila edozein dela ere eskaini beharko da, eta, horretarako, prestakuntza eredu berri horrek Euskadiko prestakuntza sare osoa hartu beharko du, baita unibertsitateak ere”.

Azkenik, eta prestakuntzari lotuta halaber, Confebaskeko presidenteak gogorarazi duenez, “gure hurrengo helburuen artean dago hezkuntza orientazioari buruzko akordio batean aurrera egiteko gai izatea, Hezkuntza Sailak diagnostikoa prestatzeko konpromisoa hartu zuen eta, horretatik abiatuta, aurrera egiteko zain gaude.  Uste dugu hori esparru garrantzitsu bat dela, euskal gazteria Euskadiko ekonomiaren eta enpresen errealitateaz eta euskal enpresek eskaintzen dituzten enplegagarritasun aukerez adin goiztiarretan informatzeko”.

 

Enpleguaren euskal legearen aurreproiektua

Bigarren akordioari dagokionez, Confebaskeko presidenteak nabarmendu du “euskal enplegu sistema ordenatu eta hobetzen duela, baita horren gobernantza ere, eta Confebaskek aspalditik eskatu izan duela hori”.

Ildo horretan, Isabel Bustok gogorarazi du bigarren akordio horrek “egungo euskal enplegu sistema arautzen duela. “Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen du enpleguaren arloko plangintza estrategikoaren diseinua eta kudeaketa, herrialdeko erakunde guztietan koherentzia bermatzeko. Eta, horrenbestez, berrantolatu egiten du gaur egun administrazio maila guztietan dauden enplegu politiken exekuzioa: udalak, aldundiak eta gobernua bera”.

Baina, gainera - jarraitu du -, euskal enplegu sistema horren gobernantzan ESM sartzen da, eta enplegu politiken diseinuan eta plangintzan esku hartu ahal izango du. Finean, enpleguari dagokionez, enpresen ikuspegia eman ahal izango dugu gaur egun baino protagonismo handiagoarekin”.

Confebaskeko presidenteak ESMren garrantzia baloratuz amaitu ditu bere adierazpenak. “Euskadin elkarrizketa sozialaren bultzada irmo baten aurrean gaude, neurri zehatzekin eta lanerako plan anbiziotsu batekin. Akordioak lortzeko gai gara, hori erakusten ari gara, eta hori beti da poztekoa”.