“Digitalizazioa funtsezkoa da Euskadiko ETEen hazkunderako eta lehiakortasunerako”

  • Leyre Madariagaren adierazpenak Confebaskek Enpresa Dimentsioari buruz zabaldutako azken newsletterrean
  • Euskal enpresen batez besteko tamainak beste maximo bat ezarri du berriro eta, horrenbestez, Euskadi enpresen batez besteko tamainagatik nabarmentzen da beste autonomia erkidego batzuekin alderatuta, bai oro har, bai sektore mailan
Leyre Madariaga

Leyre Madariaga (Argazkia, Irekia)

2024-04-18

Eusko Jaurlaritzak SPRI Taldearen bidez sortutako BIND berrikuntza ireki publiko-pribatuko plataformak startup disruptiboak eta enpresa eta sozietate publikoak konektatzen ditu, 2016tik, berrikuntza irekiko proiektuak garatzeko. Ekimena hiru helbururekin sortu da: startupen garapena bizkortzea euskal ekosistema industrialean, eraldaketa digitala sustatzea eta Euskadi ekintzailetzako hub gisa posizionatzea.

Datorren maiatzaren 14an, SME Connectionek bere kasu arrakastatsuak aurkeztuko ditu SME Connection IV Sozializazio Jardunaldian, Arabako Parkean. Interesa duten ETEek hemen eman dezakete izena.

Enpresa Dimentsioari buruz Confebaskek duen newsletterrari egindako adierazpenetan, Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digital eta Ekintzailetzako zuzendariak adierazi duenez: “gero eta enpresa gehiagok egiten dute BINDen berrikuntza irekiko ereduaren alde, beren beharrizan propioei erantzuteko eta negozio aukerak handitzeko aukera ematen dielako, startupekin lankidetzan, teknologia aitzindariak integratuz. Orain arte 45 ETE eta 35 startupek parte hartu dute ekimenean, eta hazkunde ildo horretan jarraitzea eta arrakasta kasu gehiago garatzea da helburua”.

Digitalizazioa funtsezkoa da Euskadiko ETEen hazkunderako eta lehiakortasunerako – ziurtatu du Leyre Madariagak –, baina, hala ere, kosta egiten da hirugarrenekin berritzeko lehen pausoa ematea. ETEentzako oztopo nagusia aldaketari lotutako ziurgabetasuna eta kostuak izaten dira. Hain zuzen ere, SME Connectionen bidez, digitalizazio prozesu hori enpresentzat modu bizkor eta erosoan erraztuko duten irtenbide arin eta pertsonalizatuak eman nahi dira”.

Leyre Madariagak digitalizazioaren garrantzia azpimarratzen du: “euskal enpresak gero eta gehiago jabetzen dira digitalizazioan aurrera egiteko beharraz, eta oraindik pentsatzen ari direnei eskatuko niekeen gauza bakarra da eraldaketa hazteko aukera berriak dituen bide gisa ikus dezatela.

Leyre Madariagarekin egindako elkarrizketa osoa Enpresa Dimentsioari buruzko Confebasken azken newsletterrean irakur daiteke, zeinak, gainera, Euskadiko enpresen batez besteko tamainari buruzko azken estatistikak jasotzen baititu, 2015ean hasitako goranzko joera berresten dutenak, enpresa bakoitzeko 6,23 langile izanik, maximo historiko berri bat. Halaber, Euskadi bere enpresen batez besteko tamainagatik nabarmentzen da beste autonomia erkidego batzuekin alderatuta.

Gainerakoan, zenbaki honetan gaiaren gaineko beste txosten eta azterlan batzuei buruzko ohiko atalak daude, haztea erabaki duten euskal enpresei buruzko albisteak eta, azken orrian, enpresen dimentsioari eta hazkundeari lotutako ekimenetarako esteka interesgarriak.