- Tamara Yague Confebaskeko presidentearen adierazpenak Kontseilu Nagusiaren ondoren

2025-07-17
Tamara Yague Confebaskeko presidenteak prentsaurrekoa eman du erakundearen urteko Kontseilu Nagusia elkartu ondoren, euskal enpresak kezkatzen dituzten gaiez duen iritzia jakinarazteko
Koiuntura
Bere hitzaldian, urte honetarako BPGaren hazkunde aurreikuspena %2 inguruan mantentzen dela nabarmendu du, baita dauden milioi bat kotizatzaileei eusteko adina enplegu sortuko dela ere. Aitzitik, hainbat arrisku faktore aipatu ditu, euskal enpresa sarearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna mehatxatzen dituztenak.
Ildo horretan, Tamara Yaguek industria sektorearen ahulezia gero eta handiagoaz ohartarazi du, zerbitzuen eta eraikuntzaren dinamismoarekin alderatuta. “Muga zergen gerra eta Europako batasun falta eragin negatiboa izaten ari diragure enpresa industrialetan”, adierazi du.
“Zer esanik ez, Donald Trumpek EBrako %30eko muga zergei buruz egin berri duen iragarpenak gure kezka areagotu besterik ez du egiten. AEBko presidentea hain da ustekabea, ezen oso zuhur jokatu behar baitugu, badaezpada ere, gidoia ezustean berriro alda daiteke eta. Espero dugu oraindik azken orduko akordio bat posible izatea, kalteak arinduko dituena. Baina zerbait geratuko da”.".
“Izan ere, ondorioak nabaritzen hasiak dira dagoeneko: jarduera moteltzen hasi da eta salmenta gutxiago egiteko espektatibak daude, eta horrek enplegua erregulatzeko lehen espedienteei aurre egitera behartzen du, oraingoz, hori bai, gehienak aldi baterakoak”.
Absentismoa: gero eta arazo handiagoa
Halaber, Confebaskeko presidenteak esan duenez, euskal enpresaburuengan kezkarik handiena pizten duen gaietako bat absentismoa da.
“Guztioi eragiten digun gai bati buruzko eztabaida sozial sakona sortzea lortu dugu: lehenik eta behin, eta hau da garrantzitsuena, pertsonen osasunari eragiten dion gai bat da. Bigarrenik, gure enpresen martxa onari eragiten dio, absentismo indizeek jarduera oztopatzen baitute, eta oso antzeko ekoizpen egitura duten inguruko beste lurraldeetakoak bikoiztera ere iristen dira. Eta hirugarrenik, erakunde publikoei eragiten die, orain arte ikusi gabeko gastuei aurre egin behar dietelako bajen tramitazioagatik eta ordainketagatik”.
Confebaskek diagnostikorako foro partekatu baten beharra azpimarratu du, eta lurralde erakundeek –Adegi, Cebek eta SEA– enpresei laguntzeko planak abiarazi dituzte dagoeneko fenomeno horri aurre egiteko; aldi berean, absentismoari buruzko Behatoki espezifiko bat sortu da, une bakoitzeko egoeraren benetako argazkia emateko.
Etorkizuneko erronkak: irudia, talentua, trantsizioak eta lidergo orekatua
Etorkizuneko erronkei dagokienez, Tamara Yaguek datozen hilabeteetarako lehentasunezko lau lan ardatz identifikatu ditu:
- Euskal enpresak gizartean duen zereginaren balioa aitortzea. Ildo horretan, PwC etxeari eskatutako txostenaren datuak gogorarazi ditu: EAEko enpresek BPGaren 3 eurotik 2 sortzen dituzte, 4 langiletik hiruri ematen diete enplegua Euskadin, eta, beren fiskalitatearekin, Euskadiko gastu sozialaren %94an laguntzen dute.
- Talentua erakartzea eta fidelizatzea. Pertsona falta sektore guztiei eragiten dien arazo transbertsal bat da. Confebaskek erakundeak, enpresak, unibertsitateak eta gainerako hezkuntza zentroak bilduko dituen Herri estrategia bateratu baten alde egiten du.
- Martxan diren trantsizioak erraztea (energetikoa, ingurumenekoa eta digitala), enpresa kultura berri bat bultzatuz.
- Eta generoan lidergo orekatua sustatzea. Yaguek azpimarratu du “hazkunderako, produktibitaterako eta enpresa kohesiorako funtsezko faktorea” dela.
Lankidetza publiko-pribatua eta egonkortasun instituzionala
Amaieran, Tamara Yaguek erakundeen eta enpresen arteko lankidetza indartzearen garrantzia nabarmendu du.
Eta horrela, azken adibide gisa, positibo baloratu ditu Confebasken partaidetza aktiboa izan duten Euskadi 2030 Industria Plana eta Osasun Ituna bezalako ekimenak.
Zentzu horretan, egonkortasun instituzionala defendatu du, aurrera egiteko eta lankidetza hori indartzeko ezinbesteko aurretiazko baldintza gisa.
Azkenik, Tamara Yaguek hau gogorarazi du: “euskal instituzioek Herriarekin eta euskal gizartearekin konprometitutako eragile sozial bat dute gugan. Jakina, ez dugu denetan bat egingo eta desadostasun garrantzitsuak azaleratuko diren uneak egongo dira.
Baina une horietatik harago, desadostasunak baino askoz ere ugariagoak dira akordioak, eta gure eskua beti egongo da zabalik elkarrizketarako eta elkar ulertzeko”.
------------------------------
CONFEBASKi BURUZ
1983an lurraldeetako erakunde kideek sortua – Adegi (Gipuzkoa), Cebek (Bizkaia) eta SEA Empresas Alavesas (Araba) –, Confebask Euskadiko sektore arteko Enpresa Erakunde adierazgarriena da, tamaina eta sektore guztietako enpresak dituelako, eta, beraz, instituzio autonomiko, erakunde sindikal, komunikabide eta, oro har, euskal gizartearen aurrean enpresen erreferentziazko solaskidea da.
Euskal enpresak sortzen duen aberastasuna Euskadiko BPGaren %70 inguru da, lana duten pertsona guztien %70i ematen die enplegua, %85 kontratu mugagabearekin, eta Estatuko batez besteko soldatarik altuenak ordaintzen dizkie, Madrilekin batera.
Gainera, ordaintzen diren zergekin, Eusko Jaurlaritzaren gastu sozialaren %94 ordaintzen laguntzen dute urtero, 12.000 milioi euro inguru. Horrez gain, 7.600 milioiko ekarpena egiten dute langileen pentsioetarako eta langabezia asegururako.