Euskal enpresen tamaina handitzeko joera areagotu egin da
01-07-2021
Confebaskeko Newsletterraren azken zenbakian, ‘enpresa dimentsioari’ buruzkoan, zehazten den bezala, euskal enpresen batez besteko tamaina etengabe ari da hazten 2015etik, eta 2020an, 5,99 langilekoa izan da, 2019an baino 0,20 langile gehiago. Urtebetean izandako igoerarik handiena da, gutxienez 2008tik. Izan ere, urte horretatik aurrera, euskal enpresaren batez besteko tamaina % 17,2 handitu da: 5,11 langiletik 5,99 langilerako jauzia. Hazkunde horren ondorioz, 2008az geroztik, enpresa ertain eta handiek EAEko konpainia guztien gainetik jarri dute euren pisua, bai kopuruari dagokionez (2008an %1,10 ziren, eta 2020an %1,32), bai eta, batez ere, lan egiten duten pertsonen ehunekoari dagokionez ere.




